Azpeitiako Rakugo Ekipoak Yoshida Hiromik ekoitzitako 'Rakugoa euskaraz' antzerki lana aurkeztuko du kultur etxean
Rakugoa Japonian tradizio handia duen ipuin kontaketa da. Umorez jositako bakarrizketak izan ohi dira eta hizlariak beti janzten du kimonoa eta beti kuxin baten gainean belaunikatuta dagoela egiten du bakarrizketa. Legazpiarrek, bihar, 19:00etatik aurrera, rakugoa euskaraz gozatzeko aukera izango dute kultur etxean.
Olazabal Institutuan ohikoak dira jada Yoshida Hiromik egiten dituen bisitak. Bisita horiek, aitzitik, institutuko ate barruan geratu izan dira. Olazabaletik adierazi dutenez, «oraingoan legazpiarrei aukera zabaldu nahi genien eta horregatik kultur etxean antolatu dugu rakugo saioa». Institutuak eta bertako Olazpi elkarteak antolatu dute antzerki emanaldia.
Biharkoan Yoshida ez da bakarrik etorriko. Azpeitiako Rakugo Ekipoarekin dator. Yoshida antzezlanaren ekoizlea eta aurkezlea da eta rakugolariak Axen Escalada, Arantzazu Maiz eta Maider Ibarguren izango dira, Legazpin.