Beasaingo Antzizar Kiroldegian boxeo gune berria jarri dute. Boxing Club Gerriko taldea sortu da. Joxe Mari Arrizabalaga boxeolari ohia izango da entrenatzailea
Antzizar kiroldegiak beste kirol bat egiteko aukera eskainiko du gaurtik aurrera: boxeoa. 140 metro karratuko gela egokitu dute, eta bertan, giharrak lantzeko makina eta pisuen gunea, txirrinduekin ibiltzeko eta luzaketa ariketak egiteko tokia, boxeorako putxing eta zakuen gunea eta boxeorako Ring izeneko tokia jarri dituzte. Berregokitze lanek 10.000 euroko aurrekontua izan dute.
Era horretan, Joxe Mari Arrizabalaga (Astigarraga, 1958) boxeolari ohiak ametsa beteta ikusi du gaur. 17 urte zituela eman zituen lehenengo golpeak Arrizabalagak, Hernanin boxeo gimnasio bateko kartela ikusi eta gimnasiora gerturatu zenean. Urte onak ziren boxeoarentzako, besteak beste, Urtaini esker. «Boxeoa ikasteko mutilak behar zirela irakurri nuen, eta azaldu egin nintzen Donostiara. Ideiarik ez nuen boxeoaz eta poliki-poliki ikasten joan nintzen», gogoratu du Arrizabalagak. «Entrenatzaileak ikusi zuen erraztasuna nuela ikusi zuen eta 17 urterekin debutatu egin nuen». Pixkanaka, mailaz igotzen joan zen 19 urterekin profesionaletaraino iritsi arte: «Maila altuan ibili nintzen afizionatuetan, Espainiako boxeolari onenen aurka lehiatu nintzen. Espainiako selekziotik ere deitu zidaten». Lehenengo borrokal- dietan oso ondo aritu zen, «baina momentu batean konturatzen hasi nintzen, entrenatzaileak ez zituela ondo planifikatzen entrenamenduak eta borrokaldiak. Fisikoa eta teknikoa asko landu behar dira, eta profesionaletan talde on bat behar da, bestela ez dago zer eginik». Boxeoaren gainbehera ere hasi zen eta entrenatzaileekin ez zuen zorterik izan; 22 urterekin boxeoa uztea erabaki zuen. «Azkeneko borrokaldia Ordizian egin nuen. Boxeoa utzi nuen baina beti eduki nuen harra barruan sartuta».
Baina Beasaingo mutil «egoskor» baten erruz, berriz ere boxeoan murgildu da Arrizabalaga. «Boxeoan erakusteko eta erakusteko esaten zidan. Horrela hasi ginen duela hiru urte. Gero bere lagun batzuk etortzen hasi ziren eta zortzi bat lagun ibiliko dira orain». Boxing Club Gerriko taldea sortu zuten duela urtebete eta kiroldegian boxeo gela egokitzea lortu dute. «Ametsa bete dut, loteria tokatzea bezala izan da», aitortu du. Boxeo gela berria, gainera, «luxua» dela uste du, «horrelako gimnasioak oso gutxi daude». Boxeoa gogoko dutenei «gozatzera» joateko gonbidapena egin die.
Erabilera
Kiroldegiko abonatuek boxing gimnasioa askatasun osoz erabili ahal izango dute. Udalaren esanetan, «boxeoko ekipamendua eta ring esparrua kiroldegiak eta Boxing Klubak antolatutako jardueretarako erabiliko dira lehentasunez, horretarako ipinitako saioen programazioa jarraituz. Jarduerak burutzen diren bitartean, partaide ez diren banakako erabiltzaileek bestelako guneak erabiltzeko aukera ere izango dute». Dena den, udalak gehitu duenez, «balio anitzeko eremua da Boxing gela berria eta Gerriko Boxing elkarteaz gain askatasun osoz erabiltzeko aukera izango da».