'Kultura digitalaren astea' egingo dute Ordizian lehenengo aldiz
Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako egitasmoa da eta lurraldeko bost herritara iritsiko da. Gaitasun digitalak garatu eta teknologia berrien erabilera egokia sustatzea da helburua
Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak azken aldi honetan hainbat proiektu garatu ditu kultura digitalaren inguruan. Oraingo honetan, gai honi buruzko aste bat martxan jarriko du, Gipuzkoako eskualdeetara iristeko asmoz, Kultura digitala: erabilera ona eta sorkuntza goiburuarekin.
Lehen edizio honetan Kultura Digitalaren Astea Gipuzkoako 5 udalen laguntzarekin garatuko da; Eibar, Errenteria, Tolosa, Arrasate eta Ordizia. Ordizian, ostiralean hasiko da ekintza egitaraua. Tailerrak, hitzaldiak, ipuin kontalariak eta beste hainbat saio antolatu dituzte, arlo horretako profesional, eragile, haur, gazte eta gurasoei zuzenduta.
Helburu nagusiak
Haurren eta gazteen gaitasun digitalak garatuz, haien gizarteratzean aurrera egitea eta garapen kulturala eta soziala ahalbidetzea da astearen helburua. Digitalizazioaren aro berri honetan, gizartea testuinguru berri honetara modu egokian egokitzeko eta teknologia berriek eskaintzen dituzten erabilerak guztion eskura jartzea, alegia.
Horrez gain, aldundiak, gaitasun digitalen garapena baino harago joan nahi du. Horregatik, alfabetatze, gaitasun eta inklusio digitalak sustatzeaz gain, sorkuntza eta ekoizpen digitala ere bultzatu nahi ditu egitasmo honekin.
Ordiziako egitaraua
Ordizian hainbat ekintza egingo dituzte etzi hasi eta datorren asteazkena bitarte. Alde batetik, ikasgela ibiltarian, udan herriz herri ibili zen autobusean, programazio-tailerrak eskainiko dira, Foru Kalean. Eta, bestetik, haurrei, gazteei, gurasoei eta profesionalei zuzendutako hainbat hitzaldi, tailer eta ikuskizun egingo dira Gaztelokalean (Lukusain plazan) eta Barrena kultur etxean.
Gainera, egitasmo horren barruan, herriko ikastetxeetan ere egingo dira hainbat saio, euskaraz eta ingelesez.
Kultura digitalaren astea
Martxoak 9 · 17:00-20:00. Autobusa ikusteko aukera eta erabilera librerako izen ematea, gaur. Barrenan. Autobusa martxoaren 10etik 15era egongo da Ordizian. · 19:00. Bideoak egiten ikasteko Storyritelling tailerra, Barrenan. Martxoak 10 · 10:00-11:30. Steam generoa eta teknologia, Gaztelekuan, familientzat. · 12:00-13:30. Sare sozialak: hackeatzerik bai?. Gaztelekuan, familientzat. Martxoak 11 · 12:00-13:00. Haurrentzako ipuin kontalaria, Barrenan. Martxoak 12 · 19:00-20:30. Hitzaldia: Erotika 2.0, Barrenan. Martxoak 13 · 18:00. Hizkuntza eta teknologia tailerra, Barrenan. · 19:00-20:30. Hitzaldia. Bullyinga, non dago muga? profesional eta gurasoentzat, Barrenan. Martxoak 14 · 19:00-20:30. Lan bilaketa digitala, zer ote? tailerra, Barrenan.













