Fruta arbolen loraldia
Udaberria hasi bitarte horretan izaten da fruta-arbolak landatzeko garaia. Aurtengo neguan egindako eguraldiak ez du gehiegi lagundu salmentan. Lehenengo beroekin batera hasiko da ...
Udaberria hasi bitarte horretan izaten da fruta-arbolak landatzeko garaia. Aurtengo neguan egindako eguraldiak ez du gehiegi lagundu salmentan. Lehenengo beroekin batera hasiko da fruta arbolen loraldia.
Bizi erdia baino gehiago darama Justo Dorronsorok fruta arbolen negozioan. Berea, lan honetan dabilen familiako laugarren belaunaldia da. Odolean daramala esan daiteke, ia. Bere aurretik aita aritu zen lan honetan. «Soldadutza amaitu eta etxera itzuli nintzenean hasi nintzen berarekin lanean», oroitu du Dorronsorok.
Ataungo San Gregorion, jaioterrian, du fruta arbolen haztegia. Bertan saltzen ditu fruta arbolak ez ezik, beste hainbat arbola espezie ere. Tolosako eta Ordiziako azoketan ere izaten da urtarriletik martxora bitar-tean generoa saltzen. Aurtengo denboraldia «gaizki doala» esaterakoan ez du zalantza izpirik egiten. «Ur askoko negua izan da, eta horrek ez du gehiegi lagundu salmentan», gehitu du. Azken aste hauetan hasi omen da salmenta «zerbait mugitzen».
Eguraldia etsai
Euri asko bota du azken hiru hilabeteetan eta lurrak gainezka daude. Azken egunotako hego haizeak ere ez dio onik egiten lurrari, Dorronsororen hitzetan. «Gogortuta uzten du, leku askotan ez da aitzurra sartzerik ere izaten». Fruta arbolak —edo beste edozein hazi— ereiterako orduan eguraldia faktore garrantzitsua da. «Abendura bitartean elurrak bota ditzala, baina hortik aurrera eguraldi normala behar da», nabarmendu du Dorronsorok.
Fruta arbolak landatzeko garairik onena «hostoa galtzen hasten denetik berriro kimatzen hasten den bitartekoa da». Bitarte horretan fruta arbolak geldi daude, «ez dute izerdirik botatzen eta lurrari ondo eusteko unerik aproposena da».
Salmentei buruz galdetuta, fruta arbolak ez direla garai batean bezainbeste saltzen azaldu ataundarrak. «Garai batean baserri ia guztietan landatzen ziren etekin ekonomikoren bat ateratzeko. Gaur egun, gero eta jende gutxiago bizi da baserrietan, eta landatzekotan hiruzpalau ale landatzen dituzte, apaingarri gisa».
Sagarrondoak nagusi
Sagarrondoak saltzen ditu ge-hien gaur egun, «sagardotarako sagarra ematen dutenak», batez ere. Gainontzean, arana, udarea, gereziak eta mizpirak ere bai. Gutxiago, melokotoiak edo pikuak. Limoiak landatzeko joera ere badela dio.