Jon Aizpuru: «Talde zoragarri bat aurkitu dut, lanerako prest dagoena»
Loinatz abesbatzako zuzendaria
Joan den irailetik, zuzendari berria du Beasaingo Loinatz abesbatzak. Jon Aizpuru irundarra. Bertako abesbatzan hasi zen kantuan, eta kontserbatorioko ikasketak ere herrian egin zituen. Musikeneko ikasketak 2010ean bukatu zituen, eta harrez gero, Kup eta Kea ahots taldeetan ibili izan da. Beasainera etorri aurretik, Donostiako Ereski abesbatza zuzendu du.
Irailean hartu zenuen Loinatz Abesbatzaren zuzendaritza. Nolako taldea aurkitu duzu?
Nik aurkitu dudana da, talde zoragarri bat, lan egiteko prest dagoena. Azken finean, bertute asko dituzte. Aurreko bi zuzendariek, Xabier Sarasolak eta Junkal Guerrerok lan handia egin dute eta hori garbi utzi nahi dut. Guk, orain, gure proiektuak egin ditzakegu, baina taldea aurreko bi zuzendarien lanagatik dago orain dagoen bezala. Ni orain heldu naiz, abesbatza aurrera eramatea da nire lana, denon parte hartzearekin eta ideiekin. Gauza asko egin daitezke, baina indarra taldean dago.
Mozarten Requiema obra goren horietako bat da.
Obra famatua da, edonork ezagutzen du Mozart eta Requiem hitza. Obra hori oso ezaguna da, garrantzitsua, oso erakargarria denontzat.
Balio erantsi bat badu, elkartasunezko kontzertua baita.
Hasieratik pentsatu genuen horrelako kontzertu bat erakunde baten laguntzarako izatea. Atzegi izatea erabaki zen. Horrelako gauzak oso garrantzitsuak dira denontzat, eta modu bat da jendea biltzeko. Horrelako ideiak oraindik borobilagoa egiten dute proiektua. Herriko erakunde guztiekin modu batean edo bestean jarraitu nahi dugu lanean.
Aurtengorako beste zein proiektu duzue esku artean?
Aurten bi gauza gehiago egingo ditugu. Bata, azaroan, Tolosako Nazioarteko abesbatza lehiaketaren 50. urteurrenean, parte hartuko dugu, beste bi abesbatzekin batera. Proiektu interesgarria da, desberdina, musika etnikoarekin nahastutakoa. Aurretik berriz, urrirako, Kalakan taldearekin ari gara proiektua prestatzen. Azkenean, musika elementu desberdinekin jokatzen saiatzen ari gara. Abesbatza herriko jendearekin egiten da baina oso garrantzitsua da kanpoko jendea erakartzea, gonbidatuak bezala, eta gu ere gonbidatuak izatea. Mugimendu hori oso dinamikoa da denontzat.
Motibagarria ere izango da.
Bai, hori da helburua, taldea indarrarekin sentitzea. Horrelako proiektuak oso garrantzitsuak dira. Musika bide bat da, baita taldea eta talde lana ere, eta gustura egotea ezinbestekoa da.