Kilometroak jaiaren eredu berria aurkeztuko dute larunbatean Zumarragan
Kilometroak festak, Gipuzkoako ikastolek urrian antolatu ohi duten egun osoko jaiak, aldaketa nabarmenak izango ditu laster. 2020. urtetik aurrera ezberdina izango da. Jai eredu berria larunbat honetan aurkeztuko dute, 11:00etan,
Kilometroak festak, Gipuzkoako ikastolek urrian antolatu ohi duten egun osoko jaiak, aldaketa nabarmenak izango ditu laster. 2020. urtetik aurrera ezberdina izango da. Jai eredu berria larunbat honetan aurkeztuko dute, 11:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Ekitaldi hori Kilometroak Kultur Erakundeak eta Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatu dute. Izan ere, aurtengo Kilometroak festa Urretxu eta Zumarragan izango da, urriaren 7an. Aurtengoa eta datorren urtean Zarautzen egingo dena izango dira egungo ereduaren arabera antolatuko diren azkenak.
40 urte pasa dira dagoeneko lehen Kilometroak festa antolatu zenetik: 1977ko urriaren 16an ospatu zen, Beasain eta Lazkaon. Ordutik hona gizartea asko aldatu da eta Gipuzkoako ikastolek jai eredua aldatu eta gaur egungo gizartera egokitzeko beharra ikusi dute.
2015eko irailean, ikastolek eta Kilometroak Kultur Erakundeak eztabaida prozesu bat abian jarri zuten. Jaiaren historia aztertu zuten. Non eta nola sortu zen eta zein bilakaera izan duen kontuan hartuz, gaur egungo egoeraren analisi sakona egin dute.
Azterketa horren fruitua larunbat honetan emango dute ezagutzera, Zelai Arizti aretoan. Eredu berrian, urriko festa urte osoko dinamikaren produktua izango da eta Gipuzkoako ikastola guztiak inplikatuko dira.
Larunbateko aurkezpenean zehaztasun handiagoz azalduko dituzte eredu berriaren nondik norakoak. Ekitaldian Nekane Artola Kilometroak Kultur Erakundeko lehendakariak, Ane Barruso Bergarako ikastolako zuzendariak, Zigor Ibartzabal Oñatiko ikastolako zuzendariak eta Patxi Olabarria EHIko Egonkortasun arduradunak parte hartuko dute.
Larunbatean Nazio Topaketa izeneko ekitaldia ere egingo dute. 14-16 urteko gazteen topaketa honetan 100 bat lagunek parte hartuko dute, bost taldetan. Barakaldoko San Nikolas ikastolakoek Bizkaia ordezkatuko dute, Iruñeko Paz Zigandakoek Nafarroa, Armentiakoek Araba, Ziburukoek Iparraldea eta Urretxu-Zumarraga Ikastolakoek Gipuzkoa.
Elkar ezagutzeko
Festa kutsuko lehiaketa horren helburua lurralde guztietako ikasleek elkar ezagutzea da. Hala, harremanetarako egingo diren ahaleginek ere puntuatuko dute.
Probak Gernikako Arbola plazan izango dira. 10:30ean harrera ekitaldia egingo dute, 11:00etan jolasak eta jokoak egongo dira, 11:30ean orientazio kultura jolas batean parte hartuko dute (nahastuta), 14:00etan bazkaria egingo dute, 16:00etan talde bakoitzak ikuskizun bat egingo du; eta 18:00etan emaitzen berri emango dute. UZ ikastolako ikasleen agurrarekin amaituko da topaketa.