Manex Regillaga 12 urteko mutikoak irabazi du Eire-Bankoa txapelketa
Xakean adin guztietako lagunek elkarren aurka jokatzen dute eta sarritan gaztetxoek helduei irabazten diete. Hori da aurtengo Eire-Bankoa txapelketan gertatu dena: Manex Regillaga 12 urteko elorrioarrak irabazi du. Aurtengo finala
Xakean adin guztietako lagunek elkarren aurka jokatzen dute eta sarritan gaztetxoek helduei irabazten diete. Hori da aurtengo Eire-Bankoa txapelketan gertatu dena: Manex Regillaga 12 urteko elorrioarrak irabazi du.
Aurtengo finala igandean jokatu zen eta Regillaga Jokin Fernandez beasaindarrari nagusitu zitzaion. Fernandezek iazko txapelketa irabazi zuen.
Elorrioko mutikoa bere aitarekin joan zen finalera. Jon Regillagak ere xakean jokatzen du eta igandean hirugarren posturako partida jokatu zuen. OHOko 6. mailan zaletu zela oroitzen du. «Pentsatzeko jokoak gustatzen zaizkit».
Arotza izan zen, egun erizain laguntzailea da eta ikastetxeetan xake eskolak ematen ditu. «Gernika, Bilbo, Elorrio, Durango, Eibarren… eskolak ematen ditut. Bizkaian geroz eta zaletasun handiagoa dago. Iaz 600 neska-mutiko baino gehiagok parte hartu zuten eskolarteko txapelketan. Xakea oso ona da gaztetxoentzat, kontzentratzen eta akatsen ardura beraien gain hartzen laguntzen baitie».
Bizkaiko bigarren mailako txapelketa irabazi zuen eta taldekako lehiaketak ere irabazi ditu, baina egun Manexen txoferra da batez ere. «Manex txapelketetara eramateaz arduratzen naiz. Bi urterekin piezak jartzen zekien, hirurekin jokatzen ikasi zuen eta bostekin txapelketetan parte hartzen hasi zen».
Iaz Euskadiko txapelketa irabazi zuen, eta benjamin mailan Espainiako hirugarrena izan zen. Euskal Ligaren historian, bera da bigarren debutari gazteena. Lau aldiz parte hartu du dagoeneko Eire-Bankoa txapelketan. Duela bi urte ere helduentzako lehiaketa bat irabazi zuen, Sakanako xake txapelketa. «Jokalari lasaia da eta irabazteko jokatzen du. Berdinketa eskaintzen diotenean, ez du onartzen».
Eire-Bankoan ondo ezagutzen dute dagoeneko bere anbizioa: aurten denak bere atzetik gelditu dira. Bigarren postua Fernandezek eskuratu du eta hirugarrena Carlos Sanchezek. Herriko onena Txema Iriberri izan da eta bigarren onena Unai Elias. Diego Bilbaori Eire saria eman diote, xakearen alde egiten duen lanagatik.