Ormaiztegin ireki berri dute Petit Goierri hotela. Hogei logela ditu eta aurreko otsailetik dago martxan
Goierrik 900 oheko eskaintza du dagoeneko. Orain arteko hotel eta ostatuen zerrendari, beste bat gehitu zaio orain: Ormaiztegiko Petit Goierri ostatua. Otsailetik martxan badago ere, gaur egin dute irekiera ekitaldi ofiziala. Bertan izan dira Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendaria, Felix Urkola Goiturreko lehendakaria, Jon Enrique Ormaiztegiko alkatea eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria. Guztiekin batera Joxe Azurmendi eraikinaren jabe ohia ere hotela ikusten izan da.
Jon Enrique alkateak gogorarazi du, honekin bi ostatu daudela jada Ormaiztegin, eta hori, «bisitariak gurera erakartzeko aukera berri bat» dela azpimarratu du. Urkolak ekintzaileen lana goraipatu du, eta zorterik onena opa dio Marcos Chamadoira, ostatu berriaren arduradunari; «sustapen aldetik bidelagun» izango dituztela esan dio. Cruzadok Gipuzkoako barru aldera bisitariak iritsi daitezen aldunditik egiten ari diren lana nabarmendu du eta azaldu du «natura, bertako produktuak zein kultura» direla Goierri bereizten duten ezaugarriak. Ostatu berria lan bidaiak egiten dituztenentzat zein turistentzat albiste ona dela erantsi du.