Foru Aldundiak eta Beasaingo Udalak elkarlanean HerriLab proiektu aitzindaria jarriko dute martxan. Herritarrak inplikatuz eraldaketa soziala sustatu nahi dute
Miren Elgarresta, Markel Olano eta Aitor Aldasoro.
Pasa berria den Martxoaren 8ko testuinguruan kokatu du Markel Olano ahaldun nagusia HerriLab proiektu aitzindaria. Olanoren esanetan, «oso berezia izan zen Martxoaren 8ko mobilizazioa, berdintasunaren agenda lehen mailan jarri zuena. Lehen ere agendan lehenengo mailan baldin bazegoen ere, izugarrizko bultzada eman dio aurtengo Martxoaren 8ak. Zorionez, agenda hori lantzen ari ginen lehenagotik eta horregatik indar bereziz eta indar berriz heltzen diogu, ikusirik kalean zer izan zen emakumeen eskaera eta aldarrikapen nagusia».
Ildo horretan, Kontziliazio Erantzunkiderako Foru Planaren esperimentazio berritzailearen probalekua jarriko dute martxan, eta Beasain aukeratu dute kontziliazioren bideak aurrerapausoak ematen hasteko. Horretarako «herri osoaren inplikazioa» sustatuko dute: «Guk uste dugu berdintasun arlo horrek, kontziliazioak eta erantzukidetasunaren arloak, gizarte osoa eraldatu behar duela, transformazio osoa eman behar dela gizartean», gaineratu du ahaldun nagusiak. Honela, «Beasainen sortzen ditugun ikasgaiak, aurrerapausuak, datuak eta esperientzia onak lurralde osora hedatzeko asmoa daukagu».
Bi arrazoiengatik aukeratu dute Beasain: Batetik, Miren Elgarresta Berdintasun zuzendaria herriz herri ibili da eta proaktibitate berezi bat ikusi du Beasainen. Bestetik, herri bezala, Gipuzkoaren prototipo bat izan daitekeela ikusi dugulako».
Diagnostikoarekin hasi
Beasaingo Udalak 20.000 euro jarriko ditu eta foru aldundiak 30.000 euro HerriLab aurrera eramateko. Martxoko osoko bilkuran argi berdea jaso ondoren, prozesuaren oinarriak finkatuko dituen diagnosi faseari ekingo zaio. «Herrian egon daitezkeen eszenario ezberdinak zehaztuko dira eta bertako eragile esanguratsuenen inplikazioaren bila» hasiko dira orduan. Arlo ekonomikokoak, arlo sozialekoak eta erakundeak izango dira eragile. «Haiena izango da protagonismoa eta haiek diseinatu behark odute propio ibilbide orria».