Gaztetxeak birpentsatu, hausnartu, aldarrikatu
Gipuzkoako gaztetxeetako eta gazte asanbladetako kideen topalekua izango da Beasaingo Gaztetxea gaurtik igandera bitartean. Autogestioaren borroka, etenik gabe soka lelopean, gaztetxeak birpentsatzea, gaztetxeei ...
Gipuzkoako gaztetxeetako eta gazte asanbladetako kideen topalekua izango da Beasaingo Gaztetxea gaurtik igandera bitartean. Autogestioaren borroka, etenik gabe soka lelopean, gaztetxeak birpentsatzea, gaztetxeei buruz hausnartzea, esperientziak elkar trukatzea eta gaztetxeak aldarrikatzea izango du helburu nagusia Gipuzkoako Gaztetxeen Topaketak. Gazte ugari inguratuko da Beasainera; 200 lagunetik gora izena emanda daude dagoeneko gaurko eta biharko otorduetarako. Gipuzkoako hainbat eskualdetako gaztetxeak elkarlanean ari dira topaketa antolatzen eta egitarau zabala antolatu dute.
Egunean zehar egingo dituzten hitzaldi, eztabaida eta mahai inguruekin, «gaztetxeak birpentsatzea» izango dute erronka. Izan ere, «konfiantza osoz esan dezakegu Gazte Asanbladak zein Gaztetxeak birpentsatzen gabiltzala. Euren hastapenetatik garraiatzen duten kultura mantentzen dugu, noski, baina erronka berrien aurrean aurkitzen gara lekukoa hartzen dugun belaunaldi bakoitza».
Elkar elikatu
Elkar elikatzea ere bada topaketaren asmoa: «Uste dugu azken urteetan gaztetxeen funtzioen inguruan ematen ari diren eztabaidek badutela in- darra, Euskal Herriko zein nazioarte mailako eredu desberdinak eta martxan diren hainbat proiektuk beste eredu posiblerik badela erakusten baitigute. Gurean, herriz herriz eta auzoz auzo erritmo desberdinak eta hamaika errealitate ditugula jakinda ere, topaketa hauek elkar elikatzeko aukera ederra direlakoan gaude». Honela, Euskal Herriko eta atzerriko hainbat proiekturen inguruko solasaldiak izango dituzte, eta Gaztetxe zein Gazte Asanbladetako antolakuntza ereduen inguruko eztabaidak eta ahalmen (botere) propioen inguruko tailerrak egingo dituzte: «Aukera bikaina, beraz, anitzak diren errealitateak konpartitu eta proposamen berriak jasotzeko, baita elkar ezagutzeko eta hamaika eztabaida burutzeko ere».
Aldarrikapenak ere izango du lekua bi egunotan. Larunbatean, 19:00etan, manifestazioa egingo dute Gaztetxeetako kideak aske lelopean –tar-tean dago Julen, auzipetutako gazte beasaindarra–, gaztetxeetako auzipetuei elkartasuna adierazteko. Tren geltokitik abiatuko da manifestazioa eta erdiguneko kaleetatik barrena, gaztetxeraino joango dira.
Bi gauetarako, berriz, kontzertuak antolatu dituzte, Goierriko eta inguruko musika taldeekin. Ondoko koadroan dago egitarau zehatza.
Lotarako lekua
Goierri kanpotik datozenentzako kanpin dendak jartzeko lekua egokitu dute gaztetxearen kanpo aldean. «Komun portatilak ere jarri ditugu», zehaztu dute. Otorduetarako mahaiak eta aulkiak udalak utziko dizkie. Beasaingo Gaztetxekoen esanetan, «udalarekin saiatu gara, baina azkeneko momentura arte ez da borondaterik egon eta kanpin denden aukera gelditu zaigu. Mahaiak eta aulkiak utzi dizkigute».
Izan ere, lolekuaz gain, otorduak ere eskainiko dituzte bi egunetan Beasaingo Gaztetxean; menu haragijaleak eta beganoak egongo dira aukeran. «Larunbateko bazkaria guk egingo dugu, Urretxukoek afaria… txandaka arduratuko gara. Prezio librea erabiliko da aurten, jendearengan konfiantza izan eta bakoitzak ahal duena, edo otorduak ustez balio duena emateko aukera izango da. Kontzertuekin ere berdin egingo dugu; prezio librea izango dute», zehaztu dute.
Gaztetxeen egoera
Gaztetxeen egoerari buruz galdetuta, «herri bakoitzeko errealitatea desberdina» dela adierazi dute Beasaingo Gaztetxekoek. «Beasainen, adibidez, gazte askok ez dute bizi izan gaztetxea lortzeko prozesua, eta gazte askok lokal bezala erabil dezakete. Baina guk zerbait gehiago izatea nahi dugu, izakera bat». Beasainen belaunaldi berriak sartzen ari dira gaztetxean, «gazte talde handiak dira gainera. Urte txarragoak ezagutu ditugu, eta momentu honetan osasuntsu dagoela esango genuke. Julen auzipetuari babesa emateko ekitaldiekin jendea aktibatzen ari da».
Egitaraua
Ostirala
- 17:00: Ongi-etorria Gipuzkoako gaztetxeetako eta gazte asanbladetako kideei.
- 17:30: Sarrera.
- 18:30: Mahai ingurua: Kirolak (Arrigorriaga), Tosu (Getxo), Maravillas (Iruñea), Zad (Nantes).
- 20:30: Afaria.
- 22:00: Kontzertuak: Jimmy Muelles beasaindarra, Pobresiak oñatiarrak eta Erein bakarlari goierritarra.
Larunbata
- 09:00: Gosaria.
- 10:00etatik 14:00etara: Ildoen blokeak.
- 14:30e: Bazkaria.
- 15:30: Plenarioa eta eztabaida.
- 19:00: Manifestazioa, Gaztetxeetako kideak aske goiburupean.
- 21:30: Afaria
- 22:30: Kontzertuak: Afu, Parrazta eta Oztopo.