Gipuzkoa mailan igoerarik handiena izan duen eskualdea da Goierri. 2017an 24,5 milioi bidaia egin ziren Gipuzkoan.
Lurraldebusen autobus zerbitzua %2 hazi da 2017. urtean. Hala dio urteko datuen inguruan autobus konpainiak argitaratu duen txostenak. Gipuzkoa mailan 24,5 milioi bidaia egin zituzten iaz. Igoerarik handiena izan duen eskualdea Goierri da, %11ko hazkundearekin.
Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak atzo aurkeztu zuen txostena Batzar Nagusietan. 2016an %4ko hazkundea izan zuen, 24 milioi bidaiatara iritsi zelarik. Iaz berriz, 2016arekin alderatuta %2 egin zuen gora. Azken bost urtetako datuak kontuan hartuta berriz, 3,5 milioi bidaia gehiago egin direla dio txostenak.
Eskualde guztietan egin du gora autobus zerbitzuaren erabiltzaile kopuruak. Igoerarik handiena Goierrik (%11) eta Tolosaldeak (%8,5) izan dute. Bidaiari kopuruari begiratuta aldiz, Oarso-Bidasoa izan da bidaiari gehien izan dituena, 8,7 milioi.
Marisol Garmendia foru diputatuak “oso positibotzat” jo du Lurraldebus zerbitzuak 2017an izan duen bilakaera. “Lineak berrantolatzen ari gara, puntako orduetan zerbitzuak indartzen, asteburuetan eta udan gaueko ordutegiak zabaltzen”. Hala, “Gipuzkoako hiritarrek mugikortsuan arloan dituzten benetako premiei” erantzungo dien zerbitzu publikoaren eskaintzari eustea lortu dutela azaldu du.
Lurraldebusen arreta zerbitzua
Lurraldebusen arreta zerbitzuaren inguruko datuak ere eman ditu Garmendiak. 2017an 52.000 dei jaso zituzten, hileko 4.000, bataz beste. Garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak emakumezkoak dira (%67).