Vanessa Blazquez argazkilari zumarragarrak erakusketa irekiko du gaur Zelai Arizti kultur etxean. Bere bidaietan ateratako hamabost argazki jarriko ditu ikusgai. Inaugurazio ekitaldia 19:30ean izango da. Argazkiak hilaren 25era arte egongo
Vanessa Blazquez argazkilari zumarragarrak erakusketa irekiko du gaur Zelai Arizti kultur etxean. Bere bidaietan ateratako hamabost argazki jarriko ditu ikusgai. Inaugurazio ekitaldia 19:30ean izango da.
Argazkiak hilaren 25era arte egongo dira kultur etxean. Aretoa astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era irekitzen dute eta larunbat eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.
Blazquez etxean zaletu zen. «Nire etxean beti argazki kamerak egon dira, aita zaletua baita. Umetatik atera ditut argazkiak, berarekin».
Sormena oso gustuko du. «Komunikazio eta diseinu arloko ikasketak egin nituen. Artearekiko sentsibilitatea dut eta margotzea ere gustatzen zait. Urte dezente eman nituen Zumarragako Arte Ederretako eskolan», esan du.
Argazkigintzari dagokionez, natura eta erreportaje sozialak atsegin ditu. «Natura asko gustatzen zait, baina baita pertsonei argazkiak ateratzea ere. Bidaiari amorratua naiz. Bidaietan jende asko ezagutu dut eta jende hori nire argazkietan ageri da».
Hamabost herrialde bisitatu ditu: India, Txina, Kuba, Amerikako Estatu Batuak, Finlandia, Erresuma Batua, Alemania, Italia, Nepal… «Munduari bira eman diot ia. Afrikara salto egitea bakarrik falta zait».
Erakusketan hamabost argazki jarriko ditu. «Ez ditut bisitatutako herrialde guztietako argazkiak jarriko, batzuek irudi bat baino gehiago merezi baitute. Txinako, Indiako, Nepaleko… kulturak eta gurea oso ezberdinak dira. Oso toki aproposak dira argazkiak ateratzeko: koloreak, testurak, paisaiak, jendea…».
Osoa Cooking
Argazkigintzaz eta bidaiatzeaz gain, kirola oso gustuko du. Baina, batez ere, bizitzari zukua ateratzea atsegin du. Hala, mota guztietako proiektuetan murgiltzen da. Ordizian ingeles akademia bat du eta sukaldaria den bere bikotearekin batera Osoa Cooking egitasmoa abian jarri du. Proiektu honen helburua elikadura orekatua eta bizimodu osasungarria sustatzea da. Hilaren 24an aurkeztuko dute, 10:00etan, Beasaingo Ttiklik gunean. Ikasleei eta elkarteei hitzaldiak eta ikastaroak emateko asmoa dute.
Dagoeneko Facebook eta Instagram sare sozialetan daude eta aurki Youtuben egongo dira. Euskarazko lehen gastronomia kanala izango da.