Iparra Hegoa ekimenaren azken ekitaldiak egin dituzte, Seguran
Goizean sukaldaritza lehiaketa, Udaletxeko ekitaldi instituzionala eta Gereziondoaren ekitaldiak burutu dituzte. Arratsaldean, Mutxikoak dantza dantzatuz itxi dute aurtengo edizioa, ohi bezala
Amaitu da XXIII. Iparra Hegoa Ekimena. Goizeko 10:00etan ekin diote azken egunari, sukaldaritza lehiaketarekin. Goierriko eta Iparraldeko hautetsiek 11:30ean ekitaldi instituzionala burutu dute udaletxean, eta 14:00etan Gereziondoaren ekitaldi sinbolikoa egin dute. Azkenik, herri bazkaria, txaranga, sukaldaritza lehiaketako sari banaketa eta Mutxikoak dantzarekin agurtu dute XXIII. Iparra Hegoa.
Goizean, udaletxean egin duten ekitaldi instituzionalean konpromisoa sinatu dute Goierriko eta Iparraldeko hautetsiek. Eñaut Telleria Segurako alkateak hartu du lehenik hitza, eta Iparra Hegoa seguran ospatzea ”ohore bat” dela azpimarratu du. Orain arteko bidetik jarraitu behar dutela adierazi du, ”herritarren arteko loturak, eta Euskal Herriaren eta euskal herrien arteko loturak sendotzen laguntzen duelako”.
Ondoren, Baigorriko Betti Bidartek hitz egin du, erakundeen aldetik aro berri baten aurrean daudela esan du, eta bat egin du bide beretik jarraitzeko asmoarekin. Adria Rusines CUPeko Sant Vicenç del Sorseko ordezkariak ere herrien arteko harremanak sustatzen jarraitzeko dei egin du.
Azkenik, Josu Arriolak, Berritxuko alkateak, Udalbiltzaren ildo nagusiak aurkeztu ditu. Euskal Herrian ”Sekula baino gehiago” erakunde publiko baten beharra dagoela adierazi du, Euskal Herriko zazpi lurraldeak biltzen dituena, ”saretzen jarraitzeko eta Euskal Herriko barne-kohesioa bultzatzeko”.
14:00etan Gereziondoaren ekitaldi sinbolikoa egin dute, eta Iruñeako Oberena dantza taldeko kideek jota bat dantzatu ondoren, Anaiz Funosa bake artisauak hartu du hitza. Gereziondoren loreak ikusita, eta aurtengo Ipar Hegoko gaia gazteak direnez, haien fruituak Euskal Herriko gazteak direla eta orain arte osatutako katearekin jarrai dezatela aldarrikatu dute.