Simon Nazabalek irabazi du Gipuzkoako XX. Ezti Lehiaketa, Zegaman
Lehiaketaz gain, Erlezain Eguna ospatzeko artisau azoka, talogileak, landare erakusketa eta abar ere egon dira
Simon Nazabalek irabazi du Zegaman gaur ospatu den Gipuzkoako XX. Ezti lehiaketa. Erlezain Egunaren baitan antolatu dute txapelketa, eta 21 eztigilek hartu dute parte. Ekimena Zegamako Udalak eta Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak elkarlanean antolatu dute.
Bigarren postuan Jesus Mikeleiz irundarra geratu da, eta hirugarren postuan, berriz, Jesus Aranburu hernaniarra. Sariak Amaia Aierbek, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideak, eta Xabier Arrutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazal Arloko zuzendariak banatu dituzte. Txapela Joseba Izagirre Zegamako alkateak jantzi dio Nazabali.
Lehiaketaz gain, Jakoba Errekondoren landareei buruzko hitzaldia, txistulariak, landare erakusketa eta beste hainbat ekintza ere izan dira. Gainera, ezti, argizari, kandela eta abarren salmenta postuak egon dira, eta Eusko Labeldun eztia dastatzeko aukera ere egon da. Rafa Gorrotxategi erakustaldiak egiten aritu da, gozokiak eginez.
Zegamako Aitxuri Herri Eskolako haurren marrazki lehiaketako sariak ere banatu dituzte. Goizean zehar kiroldegian ikusgai egon dira haurrek ”Erlea” gaitzat hartuta egindako marrazkien erakusketa. 2 urtekoetatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko ikasleak saritu dituzte.
Bertso saioa
Arratsaldeko bertso saioarekin emango diote aurtengo Erlezain Egunari amaiera, Kasino Elkarteak antolatuta. 18:00etan hasiko da jaialdia Pilotalekuan eta Amaia Agirre bertsolaria izango da gai jartzailea. Unai Agirre, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Igor Elorza, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus eta Iker Zubeldia arituko dira bertsotan.