Anduetza parketxeak bisitak eta jokoak egingo ditu Aste Santuan
Aste Santuko opor egunei begira, hainbat ekintza antolatu ditu Anduetza Parketxeak. Aizkorri-Aratz parke naturaleko interpretazio zentroa ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte batetik. Bestetik, Orientazioa pausuz pausu ekimenaren barruan, Zegamako orientazio ibilbide iraunkorra ezagutzeko aukera izango da.
Martxoaren 29tik apirilaren 8ra bitartean, parketxea zabalik egongo da egunero, 10:00etatik 14:00etara. Horrez gain, bisita gidatuak egingo dituzte egunero, 11:30ean. Bertan, egurraren museoa, pago motzen sekretuak basoko lanbideak eta zuhaitzak barnetik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.
Martxoaren 31n berriz, larunbatarekin, orientazio ibilbidea egingo dute. Ibilbide guztietan errezena, hori kolorekoa, aukeratu dute egun horretarako, familian egiteko modukoa izan dadin. 10:30etik 13:30era bitartean izango da. Parte-hartzaileek, orientazio mapa bat jasoko dute, eta altxorraren bila ibiliko dira, natur guneetan barrena.
Azkenik, apirilaren 7an eta 8an, Jaten den egurrik ba al dago? lemapean, parketxean dagoen egur bildumaren gainean bost zentzumenak pizteko ekitaldia egingo dute, 11:30ean.
Jarduera horietan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da. Horretarako, Parketxeko telefono zenkaira deitu (943 80 21 87) edo posta elektronikora (anduetza@gipuzkoamendizmendi.net) mezu bat bidali behar da.