Legazpiko herriguneko teilatuak eta inguruko belardiak zurituta, gaur goizean. // Argazkia: Tere Madinabeitia
Gezurra badirudi ere, gaur sartuko gara udaberrian. Eta neguak, azkenera arte eutsi nahi izan dio negu izateari. Goierriko Gurutze Gorriak gogorarazi duenez, neguko zortzigarren elurtea izan da bart gauekoa. Iluntzean hasi eta gauean ere, elurra egin du Goierri osoan. Hezetasuna %100ekoa izan da gauean, eta prezipitazio askorik izan ez bada ere, bota duena elur forman erori da.
Zuritu, hala ere, ez du hainbeste egin. Teilatuak, kotxeak eta inguruko belardiak bai, baina kaleak estali gabe. Goierri osoan egin du, baina Goierri Garaiko herriak izan dira gehien zuritu direnak. Brinkolan, esaterako, 5-7 zentimetro egin ditu.
Errepideetan ere ez du aparteko arazorik eragin. Etzegarate, Deskarga, Lizarrusti nahiz Mandubiako portuak zabalik daude, baina kontuz gidatzeko eskatu du Herrizaingo Sailak. Udana berriz, itxita dago, baina elur makinak etenik gabe ari dira lanean.
Eguna argitzearekin batera, tenperaturak gora egin du, eta elur maila 200-400 metroraino igo da. Tenperatura maximoak 4 eta 7º artean geldituko dira. Arratsaldeko 16:45ean hasiko da ofizialki udaberria; aurten, negu giro betean.