Kamioi bat Ihurre parean, artxiboko irudian.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, 51 urteko kamioi gidari bat atxilotu dute goizaldean Olaberrian. “Bide-segurtasunaren aurkako delitua” leporatzen diote, N-1 errepidean kamioi bat ustez alkoholaren eraginpean gidatzen ari zela eta.
Goizaldeko 3:30ak aldera izan da. Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko patruila batek Volvo markako kamioi bat gelditu du N-1 errepidean, Ihurre parean. Argiak itzalita eta “modu arraroan” gidatzen ari zela ikusi dute. Ertzaintzaren arabera, “geldi samar zihoala eta errei batetik bestera” zebilela konturatu dira agenteak. Arriskua ikusita, geldiarazi egin dute.
Gidariak alkoholdun edarien eraginpean egotearen sintomak zituela ikusita, alkoholemia-proba egin diote. Baimendutako tasa baino bost aldiz handiagoa eman du gidariak; aire-litroko 0,81 eta 0,84 miligramo alkohol atzeman baitiote bi probetan. Hori dela eta, bide-segurtasunaren kontrako delitua leporatuta atxilotu dute.