Irailean hasi eta pasa den astean amaitu zuten Ekimena programaren bigarren edizioa .Lortutako lan kontratuez gain, bi partaidek beren negozio ideiak jarri dituzte abian
Iazko irailean jarri zuten abian bigarren aldiz enplegua sustatzeko Ekimena programa Ordiziako Udalaren laguntzarekin. Sei hilbete eta erdiren ondoren, «emaitza onekin» iritsi dira bukaerara, eta pasa den ostiralean, bigarren edizio honetan lortutako emaitzak aurkeztu zituzten. 12 pertsonak hasi zuten programa eta partaideen %60k lortu du lan merkatuan txertatzea.
Ekimena programaren bigarren edizioak emandakoarekin «oso pozik» dago Javier Elizetxea Saregintzako arduradun eta taldeko dinamizatzailea. «Talde lana eta elkartasuna» hitzak erabili ditu sei hilabete hauek emandakoa deskribatzeko. Izan ere, «partaideek asko lagundu diote elkarri» eta berak dinamizatzaile lanak egin baditu ere, «partaideek jarritako interesa eta lanerako prestutasuna» goraipatu ditu, eta horiek «edizio honen arrakastan klabe izan» direla nabarmendu du.
Emaitzei dagokienez, partaideen erdiak baino gehiagok lortu du lan kontraturen bat. Luzera desberdinetako kontratuak dira, sei hilabetetik gorakoak gehiengoa, eta Elizetxeak adierazi duenez «bere eboluzioari buruz iragarpen oso baikorra dute».
Iñaki Dubreuil Ordiziako Udaleko zinegotzia ere programaren amaierako ekitaldian izan zen. Dubreuilek aurreratu zuen udalaren asmoa dela hirugarren urtez Ekimena programa abian jartzea.
Lana bilatzearen lana
Programako partaideen esanetan, «kooperazio metodologia eta elkar laguntzan oinarritu da» Ekimena. Horrez gain «norberaren konpetentziak garatu, lan bilaketa aktiborako estrategiak sortu, enpresa eta profesionalekin harremanak egin, adimen emozionala landu edota lanbide orientazioa eskaini» dira hilabete hauetan guztietan enplegu bilaketarako programa honetan.
Taldea hiru azpitaldetan banatua egon da: kudeaketa eta giza baliabideak; komunikazioa eta marketinga; eta ekintzaletza. Bakoitzak norabide batean lan egin badu ere, «guztien artean komunikazioa eta talde bakar bat izatearen ideiarekin aritu» dira lanean.
Behin Ekimena amaituta, fase berri batean sartuko dira partaide izan direnak. Lana eskuratu dutenek bere zereginetan jarraituko dute eta lanik lortu ez dutenek, berriz, «ikasitako guztiarekin lan bilaketan jarraituko dute».
Ekintzaileak
Lan merkatuan sartzea lortu duten partaideetatik bik beren negozio ideiak jarri dituzte martxan, beren marka sortuz eta aktibitatearen bideragarritasuna aztertuz. Haritz Perezek eta Mirari Errondosorok aspalditik zuten negozio propio sortzeko ideia buruan, eta Ekimena programa «salto egiteko bultzada» izan dela adierazi dute.
Kimuri eta Maitingorri dira sortu dituzten marka berriak eta artisautza sektorean kokatzen dira dira biak ala biak. Momentuz, denda birtualak irekiko dituzte eta horretarako lanean ari dira.