Lazkaon aurkeztu dute Goierriko zientzia-ikerketa bultzatzeko bekaren 16. deialdiko liburua, industri-turismoa lantzen duena .Azken deiko saria frankismoari buruzko egitasmo batek jaso du
Gerriko Ikerketa Bekak zor zuen azkeneko lana argitaratu da. Ostiralean aurkeztu zuten Galder Guenaga eta Goizalde Hernando egileek, udaletxeko batzar aretoan, 16. beka-deialdiko saria jaso zuen proiektua, liburu egina: Turismo industriala Goierrin eta Euskadin: enpresak bertatik bertara bisitatzeko aukerak eta onurak. Ale bana opari jaso zuten ekitaldian ziren entzuleek.
«Erditze luzea» izan da, 2012an egin baitzen deialdia. Zazpi proiekturen artean, bi unibertsitate-irakasleona aukeratu zuten. Tesi bana ondu dituzte, gainera, turismo industrialaren gaiarekin. Liburuan, modu dibulgatiboan azaldu dute. «Tesiak 700 orrialde ditu, eta atal enpiriko eta grafikoenean oinarritu gara libururako, irakurtzeko errazena. Gozatzeko eta ikasteko balio dezake», azaldu du Galder Guenagak.
Arloa bera, enpresak produktu turistiko bezala bisitatzea, «zaila» dela aitortu du Goizalde Hernandok: «Badirudi lantegiak ez direla politak bisitatzeko, edo ez direla interesgarriak. Baina turistak erakartzeko modua izan liteke». Guenagak ere argi du industri-turismoak etorkizunean izango duen garrantzia: «Oraindik ez da fenomenoa existitzen, baina etorriko da, seguru. Beste toki batzuetan indarrean dago, Goierriren edo Euskal Herriaren tradizio industrial gutxiago duten herrialdeetan, gainera. Erakusteko ehun industrial aberatsa dugu».
Enpresentzat ere baliagarri
Turistentzat bakarrik ez, lantegietako turismoa indartuta, enpresek eurek asko jaso dezaketela defenditu dute egileek. «Lantokia bisitariei irekita, euren burua gizarteratzeko eta erakusteko bitarteko izan liteke. Marketin-tresna merkea eta eraginkorra da; beste edozein estrategiarekin nekez lor litekeen lotura-esperientziala sor daiteke bisitekin», azaldu du Guenagak.
Turismo industrialaren eskaria badagoela ziurtatu dute egileek. «Enpresen eskaintza eta borondatea ere bai. Bi arloak aktibatu egin behar dira, ordea».
Ekitaldian ziren Goiturreko zuzendari Niko Osinalde, eta Ampoko eta Orkliko (bekaren laguntzaileak dira) ordezkariak. Turismo mota horri arreta jarri izana, eta turismoari orokorrean ate bat gehiago zabaldu izana txalotu dute, nahiz eta praktikan jartzeko «zaila» dela aitortu.
Azken beka, historiko bati
Ekitaldi berean, Gerriko Ikerketa Bekaren 18. beka nork irabazi duen ere jakinarazi dute: Jon Kortazar mungiarrak aurkeztutako Estatu frankistaren eraikuntza Goierrin. Lehen udal-talde frankistak eta udal langileen depurazioa proiektuak. 7.000 euroko beka jaso du saritzat (%40 orain), eta urtebete du liburua osatzeko.
Epaimahaia Jokin Apalategi zuzendari zientifikoak, eta Iñaki Alegria eta Maider Larrañaga irakasleek osatu dute. Bi zati izango ditu lanak, gutxi ikertuak orain arte: kargugabetutako langileekiko errepresioa, eta erregimen frankista Goierrin nork eta nola antolatu zuten.