Julian Auzmendi: «Zapata kaxa batetik datorkit argazkilaritzarekiko zaletasuna»
Katilu tabernan irekiko du gaur hamabi argazkiz osatutako erakusketa. Apirilaren 30era arte ikusgai egongo da. Auzmendiren (Azkarate-Nafarroa, 1946) bigarrena da Katilun.
Ez da oso ohikoa Katilun erakusketak egitea. Zuk bigarrena duzu.
Orain zortzi bat urte bilduma bat prestatu nuen eta Katilukoei ea jartzeko prest zeuden galdetu nien. Aspaldian inork ez ziela eskatzen eta erakusketena utzita zutela esan zidaten. Argiztapena hobetzeko iradokizuna egin nien eta foku txikiak jarri zituzten. Erakusketa hartaz geroztik hau da egin dudan hurrengoa.
Nolako erakusketa jarriko duzu?
Argazki karratu eta lauki luzeak ipiniko ditut, 40×50 zentimetroko markoetan. Klik baten emaitzak titulua jarri diot erakusketari. Naturako argazkiak, argazkia oinarri duen baina olio margo bat dirudien argazkia, beltzen aurpegiak. Hamabi argazki ipiniko ditut, sei koloretan eta beste seirak zuri beltzean.
Argazki bakoitzari titulua jarriko diot. Ohitura hori daukat, zeren gaztelaniaz esan ohi dutenaren kontra, nik ez baitut uste argazkiek mila hitz baino gehiago esaten dutela. Hori dela eta, titulua gehitzen diet transmititu nahi dudan horretara ahalik eta gehien hurbiltzeko.
Zergatik klik?
Klika diot argazki bakoitza bizitzaren segundo baten zatitxo baten kaptura delako. Une berezi samarrak izan ohi dira, gerora argazkia ikustean gogoratzen dituzunak.
Nire begiek argazki kameraren bisorea dutenaren sentipena izan ohi dut, agian zalearen deformazioa da. Alabaina, beti nago ingurua behatzen; etxe aurre bat, keinu bat, aurpegi bat, portaera bat… Orain gutxi Ikatzak antolatutako argazkilaritza ikastaroan konposizioari buruzko bi klase eman ditut. Zertarako balio du argazki batek? Zer edo zer salatzeko, edo zorion aurpegi bat islatzeko, edo ondo kasu egina dagoen lore ontzi bat jasotzeko. Argazkilaritza komunikazio bisuala oinarri duen adierazpen mota bat da. Nik sentitu ditudan sentsazioak beste batzuei transmititzen ahalegintzen naiz, gehienean porrot egingo dut, baina hori da nire ahalegina.
Nondik datorkizu argazkilaritzarekiko zaletasuna?
Orain urte asko, Legazpiko Kultur Etxea ireki berritan, Jose Mari Urtzelairekin eta beste batzuekin mahai inguru batean nengoela galdera berbera egin zidaten eta nire erantzuna honakoa izan zen: zapata kaxa batetik.
Zapata kaxa bat?
Gure ama bere garairako pertsona aurreratua zen. Ostatua genuen eta hara iristen zirenei argazkiak egiteko eskatzen zien. Gero argazkiak kaxa batean sartzen zituen eta gaurko moduko eguraldi makurra egiten zuenean, amak lan guztiak gobernatuta zituenean, sutondoan jartzen ginen eta argazki kaxa ateratzen zuen. Bere gaztaroko argazkiak ateratzen zituen, gure aita zenaren argazkiak, gure umetako argazkiak… Amak sartu zidan argazkilaritzarekiko grina, bere bizitzaren berri argazkien bitartez eman zigun, klik haien bitartez, alegia.
Zure zaletasuna txikitatik etorrita, zure lehenengo kamerarekin akordatuko zara seguruen.
Bai. Chocolates Loiolak hainbeste kromo bildu eta diru pixka bat gehituz gero, kamera bat eskuratu ahal zenuen. Bakelitazko kaxa ilun bat zen. Hura izan zen nire lehenengo kamera, gerora lanean hasi eta lehenengo aparteko orduekin kamera erosi nuen. Telleriartekoekin mendira joaten nintzenean, 16 urte nituenean, kamera lepoan joaten nintzen jada.
Ikus-entzunezkoak ere egin izan dituzu, batik bat, bidaietan egindako argazkiekin.
Bai, bidaia zalea naiz. Beti daukat bidaiatzeko gogoa, orain ez daukat proiektu berezirik baina gogoa egon, beti dago hor. Beste kultura batzuk ezagutzea oso interesgarria egiten zait.