Mila Osinaldek eta Goiargik Busca Sagastizabal musikaria omenduko dute
Aurten Ignacio Busca Sagastizabal musikari eta konpositore zumarragarraren jaiotzaren 150. urteurrena beteko da, eta Mila Osinalde organo jotzaileak eta Goiargi abesbatzak kontzertua emango dute urteurrena ospatzeko. Larunbatean izango da, 20:00etan
Aurten Ignacio Busca Sagastizabal musikari eta konpositore zumarragarraren jaiotzaren 150. urteurrena beteko da, eta Mila Osinalde organo jotzaileak eta Goiargi abesbatzak kontzertua emango dute urteurrena ospatzeko. Larunbatean izango da, 20:00etan Jasokundeko Andre Mariaren parrokian.
Kontzertua Goiargik hasiko du, aldarean. Abesbatzakoek Busca Sagastizabalen Aldapeko sagarraren eta Cantemos al amor de los amores meza ereserkia abestuko dituzte. Ondoren, Esteban Elizondo organo jotzaileak omenduari buruzko hitz batzuk esango ditu eta abesbatzakoak korura igoko dira.
Osinaldek Procedamus in pace eta Tomas Garbizuren Victime Pascaliren sekuentzia joko ditu. Ondoren, organo jotzaileak eta abesbatzako kideek omenduaren Misa pastorela eskainiko dute.
Osinaldek Rachmaninov-en Preludio Opus 3 2. zenbakia eta Percy Fletcher-en Festival Toccata joko ditu. Bukatzeko, Goiargik Cantemos al amor de los amores abestuko du berriro.
Busca Sagastizabal Jasokundeko Andre Mariaren parrokian bertan bataiatu zuten. Juan Bautista Busca Perettoren eta Josefa Antonia Sagastizabal Zabaloren bigarren semea zen. Busca Peretto Italiatik etorri zen, trenbi-dean lan egitera.
Bere lehen maisua Juan Lino de Leturia organo jotzaile zumarragarra izan zen. Ondoren, Tolosara joan zen eta han Felipe Gorritiren ikaslea izan zen. Ikaskeak Madrilen bukatu zituen. Bertan, Teatro Realeko eta hainbat parrokiatako organo jotzailea izan zen.
Espainiako hiriburuan arrakasta izan zuen, baina ez zuen sekula Zumarraga ahaztu. Hala, herriko bandako zuzendari artistikoa izan zen.
Konposatzaile bezala, abesti erlijiosoek egin zuten ezagun. 1912an Madrilen egin zen Na-zioarteko Kongresu Eukaristikoaren ereserkia konposatu zuen, besteak beste. Bere Stabat mater eta Misa pastorela ere oso ezagunak dira.
Baina abesti herrikoiak ere konposatu zituen. Aldapeko sagarraren eta Bi euzko abesti, besteak beste. Filipinar Uharteak kolonizatu zituen Migel Lopez de Legazpi zumarragarrari ereserki bat eskaini zion, bere oroimenezko estatuaren inaugurazio egunerako.
Busca Sagastizabalek berak busto bat du Eitza auzoan, bere izena daraman etxaldearen ondoan. Osinaldek oso abesti «politak» eta «alaiak» konposatu zituela esan du. «Bere meza dantza egiteko modukoa da».