Artelan biziak basoan
Marti Boada, ingurumen zientzietan doktorea, Aizkorri-Aratz natur parkean egon berri da pago motzen lepatzeari buruzko bisita gidatu bat eskaintzen. Teknika hori ...
Marti Boada, ingurumen zientzietan doktorea, Aizkorri-Aratz natur parkean egon berri da pago motzen lepatzeari buruzko bisita gidatu bat eskaintzen. Teknika hori ehunka urtetan erabili izan da gure inguruko basoetan.
Marti Boada zientzialari katalana Zegaman izan berri da, Zegamako Udalak eta Gipuzkoako parketxe sareak antolatuta, pago motzen lepatzeari buruzko bisita gidatu bat eskaintzen. Goierri bisitatzen duen bosgarren aldia izan da, eta azkena ez izatea espero du, «ingurune honek maiteminduta» baitauka.
Ingurumen zientzietan doktorea da Boada. Gaur egun –nahiz eta 69 urte beteak dituen—, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea da, eta nazioarte mailako ingurumenaren aldeko hainbat elkartetako kide ere bada. Ba-soak aztertzen egiten du batez ere lan, eta Goierri ingurukoak ondo ezagutzen ditu.
Aizkorriko basoetan antzinatik erabili izan da zuhaitzak lepatzearen teknika. Boadaren iritziz, «ehunka urteko tradizioa» duen ohitura da, belaunaldiz belaunaldi transmitituz joan dena. Zuhaitza lepatzea adaburua edo erdiko adarra moztea da, lepogainetik adarrak haz daitezen.
«Teknika bertutetsua»
Euskal Herriko pagadi ugari ustiatzeko pagoak lepatu izan ohi dira. Zuhaitz horiei pago motzak edo lepatuak deitzen zaie. Pagoez gain, haritzak eta lizarrak ere lepatu izan ohi dira. Forma oso bereziak hartzen dituzte zuhaitz horiek, estetika berezi eta gogor horren atzean «artelan biziak» daude Boadaren hitzetan.
«Gizakiak naturarekin izan duen harremana ez da beti honen kalterako izan»
«Lepatzearen teknika iraunkortasunaren aldeko metafora garbia da»
Marti Boada, Doktorea
Kontrakoa pentsatzen duenik badago ere, Boadaren ustetan zuhaitzak zaintzeko teknika hori «iraunkortasunaren adibide garrantzitsua» da. Gure arbasoak, «erretzeko egurra lortzeko ez zutela zertan zuhaitza hil beharrik ohartu ziren». Eredu honek «biodibertsitatea garatzeko ere balio du». Zuhaitz hauetan animali mota gehiago aurkitu daitezke, dituen formei esker ezkutatzeko eta atsedenerako leku gehiago baitituzte. «Bertutetsua da teknika hau zentzu horretan ere», gaineratu du Boadak.
Garai bateko butanoa
Gizakiak sarri naturarekin oso modu bortitzean jokatu duela onartzen duen arren, «gizonaren eragina ez dela beti naturaren kalterako izan» defendatzen du. Lepatzearen teknika jarri du horren adibide. Dena den, badira praktika hori zuhaitzen aurkako erasotzat hartzen duten sektoreak; «ni ez nago ados uste horrekin. Lepatzea iraunkortasunaren aldeko metafora garbia da», nabarmendu du.
Gure arbasoek beharrak bultzatuta asmatu zuten lepatzearen teknika. Moztutako enborrak eraikuntzarako edo itsasgintzarako erabiltzen ziren, baita aipatu dugun bezala, erregai gisa erabiltzeko ere. Adar lodienak eraikuntzarako eta itsasgintzarako erabiltzen ziren. «Itsasontziak egiteko, adibidez, zuhaitzean bertan angelu zehatzak ematen zitzaizkien adarrei, ondoren egurrak gutxiago sufri zezan».
Mendeetan zuhaitz hauetatik eratorritako egurra izan da gaur egungo gasak edo garai bateko butano bonbonak ordezkatu dutena. «Egur honi esker berotzen zituzten baserriak, edo egiten zuten ogia egosteko sua», dio Boadak. Lepatzearen teknikatik moztutako adar txikienak txondorrak egiteko ere erabiltzen ziren. Hain zuzen, bisita gidatu honetan moztutako adarrak urrian, Zegamako Anduetza parketxearen inguruan egingo duten txondorra eraikitzeko erabiliko dira.
Txondorra, urrian
Joxe Ramon Agirre Marron ataundarra arduratuko da txondorraz. Hain zuzen, berak egin ditu pagoen lepatze lanak Boadaren bisita gidatuan. Kontatu duenez, urriaren hasieran hasiko dira txondorra eraikitzen, gero, San Martin inguruan ikatza ateratzeko.
Euskal Herrian txondorrak kono itxurakoak izan ohi dira eta horrelakoa izango da Zegaman egingo dutena ere. Txondorra, azken batean, «egurra egosteko labe bat da», dio Marronek. Hain zuzen, txondorretik ateratzen dena ez da kea izaten, «egoste prozesuan sortutako lurruna baizik». Txondorra egiteko teknikak eta beharrezko zaintzak azalduko dituzte urriko ekitaldian.