Aste Santua, aste betea
Seguran ez ezik, Legazpin ere egingo dute prozesioa aurten. Goierriko parketxeek eta interpretazio zentroek bisitak eta tailerrak antolatu dituzte. Festa girorik ere ez da faltako
ATAUN: Museora bisitak, talo eta mito artean
Ataungo Barandiaran Museoak ekitaldi bereziak izango ditu, martxoaren 29tik apirilaren 8ra. Egunero irekita egongo da (10:00-14:00), eta 11:30ean bisita gidatuak egingo dituzte museora eta alboko errota nahiz zerrategi hidraulikora. Talo tailerretan ere parte hartu ahalko da, aurrez izena emanda. Lizarrustiko parketxean, berriz, Aralar, hain gertu, hain urruti mendi ibilaldi gidatuak egiteko aukera dago (aurrez erreserbatuta). Apirilaren 8an, 11:30ean, mitologiaren inguruan orientazio jolasa antolatuko dute, familientzat.
EZKIO:
‘Handia’ filma iruditan, Igartubeitin
Igartubeiti Baserri Museoan #Handia13… argiak, kamara eta akzioa! izeneko erakusketa ireki berri dute. Handia filmeko filmaketaren zati bat Igartubeiti baserrian egin zuten eta erakusketak, errodajeko 13 argazki biltzen ditu. Guztiak baserrian bertan egindakoak dira; besteak beste, sukaldeko eta artoa lehortzeko tokian egindako filmaketarenak. Erakusketa zabalik egongo da Aste Santuan zehar.
IDIAZABAL: Gaztandegi bat barrutik ezagutu
Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroak ere eskaintza berezia prestatu du Aste Santuko egunetarako. Zentroa bera zabalik egongo da, eta bisita gidatuak egingo dituzte egunero, goizez eta arratsaldez. Baina horrez, gain, gaztandegietara bisitak ere antolatu dituzte. Martxoaren 29an eta 30ean, Gaztaditxulo gaztandegira bisita egingo dute, eta artaldea ikusteko aukera izango da. Martxoaren 31n eta apirilaren 7an, berriz, Aranburu anaien Ondramuño gaztandegia ikusi eta gazta egiteko prozesua ezagutu ahal izango da. Izena emateko, 943 18 82 03 zenbakira deitu behar da.
LEGAZPI: Prozesioa berriz, 40 urte eta gero
Berrogei urteko hutsunearen ondoren, aurten prozesioa berreskuratuko dute Legazpin. Erramu igandeko arratsaldean aterako dira, eta Legazpiko elizan gordeta egon diren 8 paso edo irudi aterako dituzte. 48 gizon eta emakume aterako dira irudiak eramaten, baina denera, 70 bat lagunek parte hartu dute antolaketa lanetan. Bestalde, Legazpiko Burdinola, Erraizabal eta Igaralde baserriak eta 1950. hamarkadako eskola bisitatzeko aukera ere izango da. Erreserbak egiteko 943 73 04 28 telefono zenbakira deitu behar da.
SEGURA: Aste Santuko prozesioak
Igandeko Erramu egunarekin hasiko dira Aste Santuko ospakizunak Seguran. Ostegunean, Azken Afariko Meza (17:00) eta prozesioa (18:15) dituzte. Ostiralean, Gurutze bidea (08:00); Jaunaren Nekaldiaren Ospakizuna (16:30) eta Gurutzetik jaistea; ondoren, (18:15), prozesioa. Larunbatean (21:30) eta igandean (11:00) meza egingo dute Sorkundetarren komentuan. Bestalde, Ardixarran, Prozesioen ibilbideak antolatu dituzte, 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era.
URRETXU: Umeentzako jolasak eta tailerrak
Urretxu eta Zumarragako udalek 2 urtetik 12 urte arteko haurrentzako ekintzak antolatu dituzte apirilaren 3, 4, 5 eta 6rako. Tailerrak, jolasak, futbolinak, ping-pong mahaiak eta puzgarriak egongo dira, Ederrenan, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 19:30era. Bestetik, Santa Barbara aterpetxean, hiru tailer egingo dituzte Aste Santuko egunetan: tximeleta tailerra, erroskilena eta eguzki sistema zintzilikaria egitekoa. Izena, 943 72 33 87 zenbakian eman daiteke.
ZALDIBIA: Saturdiko festa, Pazko astelehenean
Zaldibiako Saturdi baselizaren inguruko auzoan apirilaren 2an ospatuko dute urteroko festa. 11:00etan meza izango da, eta ondoren Iztueta dantza taldearen saioa. Auzotar zaharrena eta jaiotako azken haurra omenduko dituzte, eta ume jolasak izango dira. Bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute eguerdia. Toka (13:00) eta bazkaria (14:30). Herri kirol jaialdian (17:30), Irati Astondoa eta Nerea Sorondo aizkoran ariko dira, eta Xabier Aranburu Guzta harri jasotzen. Auzoko gazteak ere ariko dira.
















