Hine enpresaren oraina eta etorkizuna hizpide gaur Igartzan
Mikel Arrizabalaga izango da hizlaria. Lemniskataren argazki lehiaketako argazkiak Zerainen ikus daitezke. CAFen mendeurreneko erakusketa Xixonen dago
Hine Group izango da Lemniskataren Made in Goierri. Etorkizuna sortzen zikloaren barruko hitzaldiko protagonista; Hine Groupeko Mikel Arrizabalagak Hine eta etorkizuna gaia izango du hizpide. Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatua, Sebastian Zurutuza Estrategia zuzendaria eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea ere bertan izango dira.
Hine taldeak zazpi ekoizpen planta ditu munduko bost herrialdetan, 500 profesional kualifikaturekin: Euskal Herrian, Amerikako Estatu Batuetan, Brazilen, Indian eta Txinan. Liderrak dira energia berriztagarrien sektoreko soluzio hidrauliko eta hozte sistemetan eta industria aplikazioetako doitasun handiko eta azken soluzio teknologiko hidraulikoetan. Mundu guztian bezeroak dituzten beharrei egokitutako irtenbideak eskaintzeko salmenta osteko zerbitzu sendoa du. Hine taldeak 40 urtetik gorako konpromisoa du aplikazio teknologiko berriak garatzeko berrikuntza eta etengabeko hobekuntzarekin.
Hinerekin lotuta, igandera arte, Hine, soluzio hidraulikoetan liderrak erakusketa dago Usurbe Antzokian. Apirilaren 9tik 16ra bitartean, Lazkaon jarriko dute, eta apirilaren 17tik 27ra, Ordizian.
Erakusketa Zerainen
Bestalde, IV. Lemniskataren Argazki lehiaketako erakusketa Zeraingo kultur etxean jarriko dute ikusgai, gaurtik apirilaren 8ra bitartean. Azkenik, Madrilen izandako arrakastaren ondoren (hilabetez luzatu zuten), CAF, mende bat trenbidearen zerbitzura erakusketa Xixongo Ferrokarrilaren museora (Asturias) eraman dute. Ondoren, Bartzelonara eramango dute.













