Musika Legazpitik dator
Azken hamarkadetan bezala, Legazpi Musika Bandako doinuek lagunduko dute aurten ere Seguran Ostiral Santuko prozesioa. Musikari legazpiarrek prest dituzte dagoeneko elizan eta kalean ...
Azken hamarkadetan bezala, Legazpi Musika Bandako doinuek lagunduko dute aurten ere Seguran Ostiral Santuko prozesioa. Musikari legazpiarrek prest dituzte dagoeneko elizan eta kalean joko dituzten zazpi-zortzi piezak.
Osagai ugari ditu Segurako Ostiral Santuko prozesio entzutetsuak, horien artean musika. Segura bertako txistulari bandako eta abesbatzako kideez gain, Legazpi Musika Bandako kideak ere izango dira bertan, azken hamarkadetako hitzorduari hutsik egin gabe.
Ez dago dokumentatuta noiz hasi zen musikari legazpiarren parte hartzea, baina Laureano Telleriak azaldu duenez, banda horren kontratazioa 1982tik dago jasota prozesioa antolatzen dutenen agirietan. Aurtengoa, beraz, 37. urtea izango da gutxienez, eta bandako zuzendari Jesus Castillejok gidatuta, 40 bat musikari legazpiar arituko da Ostiral Santu honetan ere elizako antzezpenari eta kaleko prozesioari musika jartzen.
Prozesio martxak
Prozesio batean jotzeak bere zailtasunak dituela dio Castillejok, martxan doazela jo behar dutelako musikariek. Horregatik, entseguetan, jo behar dituzten piezak lantzeaz gain, pausoa nola eraman ere ikasten dute.
Errepertorioari dagokionez, bandak zazpi-zortzi pieza eramango ditu prestatuta, bata hileta martxa, elizako antzezpenean jotzeko, eta besteak, kalean jotzeko martxa erregularrak edo prozesio martxak:?Caridad, Jerusalen, Descanse en paz, Santos lugares, A San Antonio, Mater mea…
Segurako prozesioa gorriz markatuta izaten du bandak egutegian, Ostiral Santua egun zaila delako musikariak elkartzeko batetik, eta Seguran beti ondo hartzen dituztelako bestetik.?Duela gutxira arte, ekitaldia amaitutakoan, bakailaoz eta gaztaz osatutako afari-merienda ematen zieten;?orain sagardotegira joaten dira.