Maiatzaren 3an jasoko dute. Hamar hautagaitza aurkeztu dira aurtengo Olaria sarietara
Haztegi Ikastola sortu zutela 50 urte betetzen diren honetan, maiatzeko Santikutz jaietan emango duten Olaria saria Haztegik jasoko du. Udalbatzako alderdi guztiek baiezko botoa eman zioten epaimahaiak eramandako proposamenari. Haztegi Ikastolak maiatzaren 3an jasoko du saria.
Legazpiko bizilagunek hamar hautagaitza aurkeztu dituzte eta horietatik honako bederatziak aintzat hartu ditu epaimahaiak: Haztegi Ikastola, Ikatza argazkilari elkartea, Ilinti merkatari elkartea, Jon Odriozola jiu jitsu borrokalaria, Igeriketa taldea, Mirandaolako Turismo Bulegoa, Nagusilan, Patxi Otaegi eta Sorgintxulo. Hamargarren hautagaitza ez zuten aintzat hartu proposatutako pertsona ez baitago bizirik.
Epaimahaia Koldobike Olabide alkateak, alderdi bakoitzeko kide banak, iazko Olaria Sariaren irabazleak –La Salle eskubaloi taldekoak– eta hiru elkartetako kideek osatu dute. Aurten zozketa bidez aukeratutako elkarteak Armuño, Santikutz xake taldea eta Legazpiko Musika Banda izan dira. Haztegiren ondoren Nagusilanek jaso zituen boto gehien.