Saturdin urteko festa, herri kirol eta giro herrikoi artean
Zaldibiako Saturdi auzoan atzo ospatu zuten urteroko festa, ohi bezala Pazko astelehenean. Egun osoan, jende ugari ibili da baselizaren aurreko festagunean, eguraldi gozoa lagun. Iztueta taldeko dantzariak, Oihana Iguaran eta Eneko Laskoz bertsolariak, eta Izer eta Alabier trikitilariak arduratu dira giroa ipintzeaz. Auzoko helduena eta gazteena ere omendu dituzte.
Toka txapeketa Bittor Aiestaranek irabazi du. Lehiaketa bitxia ere egin dute: ontzian zenbat babarruna zegoen asmatzen zuenari, edo gertuen ibili zenari, saria eman diote. Arantxa Etxeberriak izan du begi zoliena.
Arratsaldean, Irati Astondoa eta Nerea Sorondo aizkolariek lehia ikusgarria egin zuten. Harri jasotzen, Xabier Aranburu ‘Guzta’ idiazabaldarra aritu da.