Tere Irastortza: «Guretzat behar bat izan zen euskarara jotzea»
Oso gaztetan hasi zen idazten Tere Irastortza. Geroztik, ibilbide oparoa egin du zaldibiarrak, bai poesian eta baita irakaskuntzan ere. Adinak ematen dion ikuspegitik, bere ibilbidearen eta idaztearen inguruko gogoeta egin du.
Idazle eta irakasle lanak uztartzen dituzu idazle eskolan. Duela hamabost urte sortu genuen eskola, eta, harrezkero, larunbatero eman ditut klaseak; oso lan ederra da. Jende heldua da, ikasteko gogoa duena. Ikasketak bukatuta, sortu egin nahi dute. Asko ikasten da irakatsiz. Lehen zeure kasa egin zenuen bidea beste batzuei errazteko modua al da idazle eskola? Askotan galdetzen didate: “Idazten irakats al liteke?”. Bai, noski. Bertsolariek ere badituzte eskolak, eta entrenatu egiten dira; musika orkestra batean ere zuzendaria dute, eta entseguak egiten dituzte; eliteko kirolariak izan arren, entrenatzailea dute futbolariek… Besteek bezala, trebakuntza eta diziplina behar dugu guk ere. Nahikoa autonomoa da gure idazle eskola; idazleak gara irakasle guztiak, eta idazten irakasten dugu. Eta irakurtzen, noski. Baina ez gara hasten XVIII. mendeko poesiaz teorizatzen. Autodidakta zarela esan duzu. Nolakoak izan ziren lehen argitalpenaren aurreko pausoak? Sari bat eman zidaten idazten hasi nintzenean. 200 bat pezeta-edo izango ziren, baina mundua zen niretzat; euskarazko liburu batzuk erosi nituen horrekin. Aranburu-Altuna argitaletxekoak ziren, eta nire lanak hara bidaltzea pentsatu nuen. Idazmakinarekin idatzi eta bidali nituen, baina ez zidaten kasurik egin; 19 urte besterik ez nuen. Baina jarraitu egin nuen bidaltzen, eta halako batean argitaratu zidaten lana; Espainiako Kritikaren Saria eman zidaten. Gogoan dut gure aita siestan zegoela esnatu zuela telefonoak, eta korrika etorri zitzaidala sari bat eman zidatela esanez. Nik ez nuen sinisten; nola emango zidaten sari bat Espainian, aurkeztu ere egin gabe? Ez genekien ezer garbirik, harik eta handik pare bat astera Hoja del Lunes-en albistea atera zuten arte. Hala enteratu ginen, eta oso zirraragarria izan zen. Gogoan dut Federico Krutwigek oso kritika gogorra egin zidala, “gazte baten masturbazio onirikoak” zirela esanez. Amorratu egin nintzen, eta erantzun egin nahi izan nuen, baina egunkariek ez zidaten onartzen. Uste dut Egin-en argitaratu zutela azkenean. Emakumea izanda eta hain gazte hasita, nola hartu zintuzten gainontzeko idazleek? Oso gaztea nintzen, orduan kasik ez zegoen emakumezko idazlerik, eta, geunden gutxien artean, neu nintzen gazteena. Txantxa asko izaten zen nire izenarekin, Teresita bezala sinatzen nuelako. Abizenez deitzen zieten beste denei, eta Teresita niri. Hasi egin ginen, baina inguruan zegoenaren oso kontziente izan gabe. UNEDen egin nituen lehen harremanak euskal literaturarekin, eta asko lagundu zidan Txema Larrea Pamielakoak. Han hasi nintzen lehen lanak argitaratzen, eta han jarraitzen dut oraindik ere. Euskal Idazleen Elkartean eta Euskal PEN klubean ere aritu izan zara. Bai. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izatea tokatu zitzaidan. Euskaldunon Egunkaria itxi zuten garaia zen, eta oso zirraragarria izan zen niretzat. Espainiako idazleen elkarteetara idazten hasi nintzen, baina inork ez zuen erantzuten. Kataluniako PEN klubekoak gurekin harremanetan jarri ziren, eta isolamendu egoera gainditzeko sortu genuen PEN kluba. Euskaldunen artean babes handia lortu zuen Egunkariaren auziak, baina oso biluzik sentitu ginen kanpoan; desertua zen Espainia, eta jota utzi ninduen horrek. Orduan pentsatu nuen zerbait gaizki egiten ari ginela, sentitzen genuena azaltzeko eskubiderik ere ez baitziguten aitortzen. Idazle gisa, poesia landu izan duzu gehienbat, baina saiakera lan bat daukazu orain esku artean. Azken lana argitaratu aurretik, poesia idatzi izan dut azken urteotan. Oso genero emankorra da poesia, baina batzuetan eraman ere egiten du norberaren nortasuna, eta jakin egin behar da “nahikoa da” esaten. Momentu hori iritsi zitzaidan, eta beste genero bat bilatu nuen. Beti izan dut koadernoetan idazteko ohitura, eta koaderno horietan arakatzen hasi nintzen. Sail bat bildu nuenean, zalantza egin nuen, forma osoa eman edo puskak erabili. Eta puskak erabiltzea erabaki nuen. Batetik, pentsatu nuen idazle baten koadernoa izan zitekeela, idatzi aurretik pentsatzen duenarena. Baina baliteke orain pentsatzen dudana hemendik urte batzuetara ez pentsatzea. Eta horregatik saiatu naiz sententzietara ez jotzen eta posizioak erlatibizatzen. Horretan ari nintzela, Iñaki Bastarrikarekin egin nuen topo, eta libururako irudiak egiten hasi zen. Haren marrazkietatik abiatuta, askotan, beste bide batzuk hartzen saiatu nintzen. Arrazoiari uko egin gabe, baina sortzeko intuiziora ere jo behar dela uste dut, eta hala egin dut oraingoan ere. Idaztearen inguruko gogoeta egin duzu hortaz? Euskal emakume idazle eta irakurle baten hausnarketak dira. “Euskal” diot, hizkuntzak beste era batera pentsatzen laguntzen didalako niri. Azken 400 urteotako historia baino gehiago da euskara. Gustatzen zait hausnartzea antzinakoek bezala pentsatzeko gai naizela. Emakumea naizela ere badiot, emakumeen literatura ezagutu dudalako eta egile askori egindako aitortza dagoelako hemen. Oso garrantzitsuak dira niretzat, eta asko ez dira agertzen bibliografietan. Eta idazle gisa egindako hausnarketa batzuk ere badaude; lehen pertsonan idazteaz, infinitiboan idazteaz, idazteaz edo ez idazteaz… Azken batean, gizartea oinarritzen duten ideia batzuk zulatzeko ariketa da. Ideologiek beren funtzioa betetzen dute momentu batzuetan; gizakia iristen da ustetik sinistera, baina uste horrek balio ez duenean, atzera etorri eta siniste bat planteatu behar du. Une horretan gaude. Bitoriano Gandiagak esaten zuen bezala, “antzinakoa naiz ni”, eta uste dut euskaldunok badugula horretan abantaila bat. Piztu egiten nau herri txiki batean jaio den emakumea izateak, euskara galtzeko beldur hori izateak, edo aintzakotzat ez hartzeko beldurra izateak, eta horren lekukotasuna ere eman behar da. Euskalduna naiz, eta, elebiduna izanda, euskarak hunkitzen nau, euskarak zuztartzen eta loratzen nau. Eta euskal idazleok ez dugu askotan esaten hori. Eraginak hor daude, baina zerbaitegatik erabaki dugu euskaraz idaztea. Euskal idazle bat ez da hasten euskaraz idazten atzetik erabaki bat ez badago. Guk aukeratu dugu euskaraz idaztea, gure hizkuntza ederra eta garrantzitsua iruditzen zaigulako; ez guretzat bakarrik, baita munduarentzat ere. Zertan aldatu da garai bateko Tere Irastortza idazlea gaur egungoarekin alderatuta? Emakumetu egin naizela uste dut. Gauza batzuetarako pazientzia galdu dut, eta, beste batzuetarako, irabazi. Oso adin onean gaude gauzak beste perspektiba batekin ikusteko; geure burua ez dugu hain estu hartzen. Gure garaian oso pertsonala zen nik eta nire inguruko batzuek egiten genuen literatura. Sozialismoa, marxismoa, feminismoa, independentzia… Besteek Euskal Herria zuten buruan, eta pertsonalagoak ziruditen gure gaiek, ezgauzagoak. Gaur egun, belaunaldi asko ari gara idazten elkarrekin. Joxe Azurmendiren eta neure artean egongo dira hogeitik gora urte, eta neuregandik Eider Rodriguezengana beste hainbeste. Eskailera maila asko daude. Nik euskaraz argitaratzen zen literatura guztia irakurtzen nuen hasieran, baina gaur egun, zorionez, ezinezkoa da hori. Sortzaile talde horrentzat irakurle kopuru bat falta da. Kontzientzia behar da, eta egiten dugunarekin ez lotsatzea. Anbizioa eta harrotasuna falta zaizkigu sorkuntza horrekin euskal kultura bateratu eta zabaltzeko.«Gure aukera izan da euskaraz idaztea; erabaki bat dago horren atzetik»
«Genero emankorra da poesia, baina nortasuna eraman egiten du batzuetan»