Legazpiko Urcelay zapata denda ireki zutenetik 75 urte betetzen dira aurten. Urte horietan guztietan zapatak saldu eta konpondu dituzte. Familia negozioa Rafa Urtzelai semearen eskuetan dago.
Zapata pare batek kontatu ahal du herri baten historia? Beharbada ezin du kontatu letra larriz idazten den historia hori, baina barruko historia, letra txikiz idazten den beste hori kontatu dezake. Areago, 9.000 pare badira. Urcelay zapata denda ireki zutela 75 urte betetzen dira. Legazpiko Santa Kruz kalean, Kale Nagusira begira egon da dendaren erakusleihoa urte hauetan guztietan.
Urcelay zapata dendako erakusleihoaz beste aldeko Legazpi nola aldatu den galdetuta, bizilagun kopuruaz hitz egin du egungo ugazaba eta zapata konpontzaile Rafa Urtzelaik: «Guk Legazpi ezagutu dugu 10.000 bizilagunetik gora zituenean [iazko datuen arabera 8.438 ditu egun]. Orduan bospasei zapata denda zeuden».
Aitaren kontabilitatea jasotzen duten koadernoak gordeta ditu. 1943tik hasita, jasoak daude konpondu, saldu eta egin zituen zapata pare guztien gaineko datu guztiak. «Garai haietan, urtean 9.000 zapata pare saltzen zituen. Nola liteke? Guk zortzi urte behar ditugu zapata pare horiek guztiak saltzeko!».
Horrenbeste zapata pareren salmenta aitak berak nola azaltzen zuen kontatu du Urtzelai semeak: «Urtean zehar hainbat data zehatz bereizten ziren Legazpiko egutegian. Maiatzeko Santikutz jaiak, Aste Santua eta abar. Garai hartako Legazpiko bizilagunen luxu bakarrenetakoa jantziak eta oinetakoak ziren, eta data haietan zer edo zer berria jantzi beharra zegoenez, erosketek gora egiten zuten».
Konponketak
Ez da Rafael Urtzelai aitak ematen zuen azalpen bakarra. Semeak aitaren hitzak bere egin ditu berriro: «Lehen familia ugari asko zegoen, sei edo zazpi seme-alaba zituzten familiak zeuden eta haiek urtean zehar oinetakoak erosten zizkieten haurrei eta ordainketa zatituta egiten zuten, gehienetan bi alditan. Gure aitak esaten zuen, adibidez, Legazpin familia askok ez zutela Gabon gaueko afaria hasten zapatak ordaintzera etorri gabe». Aitaren kontakizuna amaitu eta semeak «garai batean hitzak zuen balioari» azpimarra egin dio, baita orduko «elkartasunari» ere.
Zapata konponketek ere azaldu dezakete herri bateko ekosisteman denboran zehar gertatutako aldaketak.
«Lehen zapatak konpontzeko premia gehiago zegoen, izan ere, 1950eko hamarkadan errazionamendua zegoen. Gaur egun apenas konpontzen den eta konponketa eskari falta hainbesterainokoa da, zapata bat baino gehiago ofizioa ez ahanzteko konpontzen dudala».
2007. urte inguruan hasitako krisiaren lekukotza ere jaso du Urtzelaik zapata dendaren erakusleihoaren barruko aldean. «Deigarria izan zen zenbat aiton-amona hasi ziren bilobentzat zapatak erosten; ordura arte ez genuen halakorik sumatu. Beharbada, guraso asko iristen ez zirenaren seinale bat zen».
Salmenta kopurua ere jaitsi da azken urteetan, kopurua eta saltzen duenaren kalitatea ere bai. «Gure aitaren garaian ez zegoen lan faltarik. Askok zortzi ordu Patrizion eta beste bi ordu sartzen zituzten beste tailer batean, gaizki ordainduta akaso, baina lana bazegoen. Gure denda hauen etorkizuna ez dago bermatuta. Esango nuke, gaur-gaurkoz, gure defentsa bakarrak direla bezeroengandik oso hurbil gaudela eta hurbiltasun horrek sortzen duen konfiantza».
Eguraldiak, Urtzelaik dioenez, eragiten du zapata salmentan eta Legazpiko Santikutz jaien eta Aste Santuko oporren artean zenbateko tartea dagoen ere bai, elkarren segidan badoaz, «salmentak jaitsi egiten dira».
Honezkero ez dago zalantzarik, zapaten bitartez herri baten historia txikia ezagutu daiteke.
Ebanista izan nahi zuen zapata konpontzailearena
Rafael Urtzelai Gabiriak ireki zuen denda. «Gurea zapata denda izan aurretik taberna izan zen. 1943an gure aita familiaren taberna hartako txoko batean hasi zen zapatak konpontzen eta espartina zein etxeko zapatila gutxi batzuk saltzen», azaldu du Rafa Urtzelai semeak.
Egun semea da negozioaren ugazaba, zapata konpontzailea da bera ere. «Gure aitak ebanista izan nahi zuen, haren familian bazeuden zapatariak eta berak ez zuen jarraitu nahi. Alabaina, ofizioari heldu zion eta Eibarren (Gipuzkoa) ikasi zuen ofizioa eta gero Donostiako Mutuberrian».
Senide batek ere ez zuen tabernaren kargu egin nahi izan eta Rafael Urtzelai Garbiria aitak taberna zen hura zapata denda bihurtu zuen 1949an.
Rafa Urtzelai semeak ere ez zuen zapata konpontzaile bihurtzeko asmorik, baina familia kontuak tarteko, 1983an aitari laguntzen hasi eta hura jubilatu zenean erreleboa hartu zion 1987an. Orduz geroztik, negozioaren lema darama bere emazte Lourdes Alberdirekin batera. 1970eko hamarkadan Urtzelai aitak berritu zuen denda, gerora ez dute berrikuntza nabarmenik egin eta hori da, diotenez, aurrera begira duten erronka nagusia.