Ipuin kontaketa, semaforoaren jolasa eta sukalde tailerra hartuko ditu 'Txiki-txikitatik gure burua nola zaindu ikasten' saioak. Ohi bezala, bi saski zozkatuko dituzte erosleen artean
Apirileko larunbateko azoka egingo da bihar, Loinazko San Martin plaza azpian, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Ohi bezala, Josetxo Mendiaren, Txintxurretaren eta Asun Etxeberriaren barazkiak, Iñaki Ormazabal harategiko produktuak, Aldabazahar elkarteko ahuntz gazta, ogia eta gozoak, Aranguren Azpiko behi gazta, Aranbururen eta La Lezeren ardi gaztak, Eugenio Elorzaren eztia, Azanzaren eta Agerreko loreak eta Lazkaoko landa-reak jarriko dituzte salgai. Aurtengo neguan izandako eguraldi nahasiak ez du gehiegi lagundu baratzeko lanetan eta horregatik udaberriko produktu berriak pixkanaka ari dira agertzen. Kasu honetan, lehen babak eta ilarrak nabarmenduko dira.
Sukaldaritza tailerra
Ekintza osagarriek ere tartea izaten dute larunbateko azokan, eta bihar, 11:30ean hasita, haurrei zuzendutako
Txiki-txikitatik gure burua nola zaindu ikasten sukaldaritza tailerra eskainiko du Garbiñe Etxaniz dietistak. Hiru zati izango ditu tailerrak. Batetik, ipuin-kontaketa saioa egingo dute haurrei osasunaren oinarriak erakusteko. Bestetik, semaforoaren jolasarekin, elikagaiak sailkatzen ikasiko dute haurrek. Hirugarren zatian, sukalde tailerrean, artatxiki hanburgesak, azenario eta koko bolatxo goxoak,
nozilla osasuntsua eta azukre eta gasik gabeko edari goxoa prestatuko dituzte.
Errezeta liburua eta saskia
Azokan erosketak egiten dituztenei garaian garaiko produktuen egutegia eta produktu horiekin sukaldatzeko errezeta liburua banatuko diete. Horrekin batera, azokako produktuz osatutako bi saskiren zozketa ere egingo dute azokako erosleen artean.
Ekintza guzti horiekin, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri nahi du udal gobernu taldeak. Horrekin batera, garaian garaiko produktuen kontumsoa areagotu eta kontsumitzaileak azokara erakarri nahi dituzte.