Iktusa, bat-bateko gaitza
Ordiziaren 750. urteurrenaren harira, iktusari buruzko azalpenak eman ditu Maite Martinez neurologoak. Erabat saihestu ezin bada ere, funtsezko jo du prebentzioa.
Lehen sintoma horiek agertzen direnean zer gertatzen ari den konturatzea, Martinezen hitzetan, gehienetan horixe izaten da zailena. “Jende askori kosta egiten zaio, oraindik, zer gertatzen ari zaion identifikatzea. Bihotzeko kasuetan, adibidez, ia gehienek badakite bularraldeko mina sentitzen dela; eta ikusmena galduz gero, baita katarata bat izan daitekeela ere”. Baina, neurologoak azaldu duenez, hain zuzen ere, hori da iktusa hain arriskutsu bihurtzen duen ezaugarria: “Identifikatzeko ez dela erraza izaten. Azken batean, indar galera guztiak ez dira iktusak, edo ikusmen galera guztiak ere ez dira iktusaren seinaleak”. Martinezek gaineratu duenez, neurria hartu behar zaio errealitateari. “Iktus kasu asko izaten da, eta kontu pixka batekin ibiltzea komeni da alarmarik ez sortzeko”. Gehiegizko alarmarik ez Urtero-urtero 1.700 iktus kasu berri izaten dira Gipuzkoan. Horregatik, “serio” landu beharreko gaia dela nabarmendu du Martinezek. “Dena den, oso beharrezkoa da jendea neurriz kanpo ez larritzea”. Hori dela eta, garrantzitsuena “informazio zehatza” ematea dela azpimarratu du, herritarren eskura “ahalik eta informazio gehiena” jarri, eta, inguruan iktus kasuren bat izanez gero, “eman beharreko pausoak lehenbailehen emateko”. Horren harira, komunikabideetan iktusari buruz “kontu handiz” hitz egin beharra dagoela gaineratu du. “Komunikabideren batean albisteren bat publikatuz gero, hurrengo egunean gora egiten dute balizko iktus kasuek”. Neurologoaren hitzetan, jendea “beldurtu” egiten da jasotzen duen informazioarekin. “Eta iktusa dela uste izaten dute antzeko sintomaren bat nabaritzen dutenean”. Gaixotasun asko egon daitezke hitz bakarraren atzean, eta askotarikoak izan daitezke arrisku faktoreak ere. Martinezek argitu duenez, “edonork” izan dezake iktusa. “Baina batzuek besteek baino aukera gehiago daukate; hainbat ezaugarrik areagotu egin dezakete, gainera, iktusa izateko aukera. Besteak beste, tentsio altua izateak, diabetikoa izateak, erretzaile izateak, sedentario izateak, drogak kontsumitzeak…”. Alde horretatik, horiek saihesteko asmoz, ezinbestekoa da “prebentzio lana”, nahiz eta prebentzioarekin soilik ezin den saihestu gaitza. Esperientziaren izenean, norbera arriskuan jartzen duten faktoreak saihestea da onena. “Eta mezu hori helarazi behar diogu gizarteari. Horrelakoak ez gertatzeko, aukera gutxiago izatea da bidea; zahartzaro osasuntsua eta prebentzioa, horiek ditugu lehentasunak”.“Urtero-urtero 1.700 iktus kasu berri izaten dira Gipuzkoan. Horregatik, serio landu beharreko gaia da”
“Aukera gutxiago izatea da bidea; zahartzaro osasuntsua eta prebentzioa, horiek ditugu lehentasunak”
Maite Martinez (neurologoa)