Hilean behin ohitura denez, gaur ari dira apirileko feria egiten Loinazko San Martin plazapean
Udaberriko larunbateko lehenengo azoka gaur ari dira egiten, Beasainen. Dozena erdi bat postu jarri dituzte nekazariek, lore saltzaileek eta gozogileek Loinazko San Martin plazaren azpian. Apirilari dagokino merkatua da, hilean behin larunbat batean herritarrei azokaren onurak, produktuak eta ikasgaia erakusteko egiten dena.
Beasainen hilean behingo zapatuko azoka, gaur. Atarieder baserrikoen postua./Aimar Maiz
Jende askorik ez da ibili gaur. “Gutxi dabil; Aste Santua pasatu berria, erdi oporretan dago oraindik jendea, eta diru guztiak gastatuta, nonbai”, zioen saltzaile batek.
Urtebete bete du larunbatean ere azoka egiteko ekimenak; 2017ko otsailaren 4an egin zen lehenengoa. Harrezkero, hilabetean behin. “Batzuetan ondo saltzen dugu, besteetan ez da erosle askorik etortzen. Gorabeherak izaten ditu zapatuko feriak. Tomatea, baina eta udako produktuak hasten direnean, orduan gehiago etortzen dira; orain, negua pasa berri dela, ezer handirik ere ez dago baratzean eta…”, zioen Atarieder baserriko Txintxurretak. Haiek, hala ere, larunbatero jartzen dute postua.
Udaberrian goiztar, dagoen baratze-eskaintza erosteko baliatu dute feria beasaindarrek./Aimar Maiz
Neguaren gordinak —aurten bereziki hotza, euritsua eta iluna izan da—, ondorioa utzi du kanpoan. “Atzeratuta” dago oraindik baratzegintza. Ilarrik ez da agertu azokako salmahaietan, gaur.
Elikagai osasungarriekin, gutiziak egiten
Azokako beste postu batean, helburu didaktiko osasungarria erakusten ari dira Garbiñe Etxaniz eta Eluska Gonzalez. Osasunerako onak diren produktuekin, bestela batere mesederik egiten ez duten zenbait jaki nola ordezkatu erakutsi dute. Etxean egin litezkeenak, gainera, lasai asko.
Azukre eta koipe kaltegarri betekadarik gabe, hona gaur proposatu duten gutizia-sorta: artatxikiz egindako anburgerrak; postrerako azenario bolatxoak, eta edateko te kukitxarekin, sagar zukuarekin eta menda hostoarekin eginiko edaria (Nestea bezalakoak ordezkatzeko). Eta, ahogozagarri, kakao-krema komertzial pisuen ordez, beste krema osasungarri bat, Nocillaren partez hartzeko modukoa; aguakatez, platanoz, algarrobo hautsez eta datilez egin dute, arintzeko aloe-esne apur bat erantsita.
Garbiñe Etxaniz eta Eluska Gonzalez, elikagai osasungarriekin jaki bereziak prestatzen, azokan. Irudimena eta barazkiak nahastuta./Aimar Maiz