Ion Izagirre, Itzulian hirugarren aldiz hirugarren
Bukatu da 2018ko Itzulia, Arraten. Ion Izagirrek (Ormaiztegi, 1989) hiruari lotuta segitzen du. Eibar-Arrate 6. etapa (122,2 km) 3. postuan bukatu du, Enric Mas (Quick-Step) irabazlearen eta Mikel Landa (Movistar) bigarrenaren atzetik. 17 segundoko aldea atera dio gaur Landak. Eta sailkapen nagusian 3. geratu da, azken etapara iritsi den postu berbera. Hirugarren aldiz, podiumeko 3. koskan bukatu du Ion Izagirrek Itzulia, 2015ean eta 2017an bezalaxe.
Usartzako azken igoeran, Matsariatik gora, Landa izan da aurreneko hiru sailkatuetatik indartsuena. Hark jo du erasoa (Roglic liderra 1:57ra zeukan), eta Ion Izagirrek bizkortu du hurrena hanken joa. Roglic atzera geratu da biengandik —eroriko batengatik, minduta ere bazegoen—. Baina zekarren aldearen konfiantzarekin. Landak ezin izan du iheslarietatik bakarrik geratu den Mas harrapatu. Ion Izagirreri bikoiztu egin dio, ordea, tartea.
Sailkapen nagusiko brontzezko saria baloratu du Ion Izagirrek. Lehen etapako denbora galeraz oroitu da, eta gaurko etapan Movistarren ahalari aurre egiteko Bahrain Merida taldea aurrean kokatu ez izanaz. “Orokorrean, gustura nago izan ditudan sentsazioekin”. Orain, hiru klasiko korrituko ditu, eta Romandiako Itzulia gero.
Gorka Izagirre 26. sartu da Arraten (4:57ra), Alex Aranburu (2. Itzulia zuen) 35. (5:54ra), eta Garikoitz Bravo 62. (9:20ra).
Euskal Herriko 58. Itzuliaren sailkapen nagusia
- Primoz Roglic (Lotto-Jumbo), 20:53:47
- Mikel Landa (Movistar), 1:09ra
- Ion Izagirre (Bahrain Merida), 1:42ra
- Emanuel Buchmann (Bora), 3:14ra
- Nairo Quintana (Movistar), 3:17ra