Ion Izagirrek 16 segundora dauka sailkapen nagusiko 2. postua
Benetako ordua iritsi zaio Ion Izagirre ormaiztegiarrari. Euskal Herriko Itzulia irabazteko faboritoetako bat zen hasieran, eta podiumeko lehen koska urruti samar geratu bazaio ere, txapeldunordetza lortzeko borrokatuko da. Itzuliko 6. etapa Eibar eta Arrate gainaren artean jokatuko da, gaur, 122,2 kilometroan. Zortzi mendate igo beharko dituzte, tartean 1. mailako Izua eta Usartza.

Euskal Herriko Itzuliaren 6. etapako profila (2018-4-7)
Sailkapen nagusian 3. postua nahiko ziurtatuta iritsiko da Ion Izagirre azken saiora. Primoz Roglic liderra ziurrago dauka lehen postua, ahalmen izugarria bai, eta ahuldade zirkinik ez baitu erakutsi aste osoan. Bigarren Mikel Landa (Movistar) dago, 1:57 minutura, eta Izagirre ondorn, 2:13ra. Hamasei segundoko aldeak banantzen du Ion Itzulian inoiz lortu duten posturik onenetik.

Mikel Landa, Ion Izagirre eta Primoz Roglic, atzo, Azurkin gora./Carlos Mediavilla
Ormaiztegiarra 2009tik da profesional. Orbean aritu zen 2010ean; Euskaltel-Euskadin 2011tik 2013ra, Movistarren 2014tik 2016ra, eta Bahrain Meridan dabil 2017az geroztik. Azkeneko hiru Itzulietan, bi aldiz igo da podiumera (2015ean eta 2017an), bietan hirugarren eginda.

Alex Aranburu animatzeko, Ezkion jarritako pankarta./Aimar Maiz
Gainontzeko hiru goierritarrei dagokienez, aipatzekoa da Garikoitz Bravo lazkaotarraren (Murias-Euskadi) eta Alex Aranburu ezkiotarraren (Caja Rural) lana. 29. eta 30. postuetan daude. Gorka Izagirrek (Bahrain Merida), atzoko baxualdiaren ondoren, 57. postutik ekingo dio azken etapari.
Sailkapen nagusia
- Primoz Roglic (Lotto-Jumbo), 17:35:19 ordu.
- Mikel Landa (Movistar), 1:57ra.
- Ion Izagirre (Bahrain Merida), 2:13ra.
- Julian Alaphilippe (Quick-Steep), 2:55era.
- Bauke Mollema (Trek-Segafredo), 3:06ra.
(…)
29. Garikoitz Bravo (Euskadi-Murias), 9:10era.
30. Alex Aranburu (Caja Rural), 9:55era.
57. Gorka Izagirre (Bahrain Merida), 20:53ra.
Bien bitartean, 5. etapa menditsuaren eta gogorraren irudiak, Carlos Mediavilla argazkilari urretxuarrak Azurkiko mendatean ateratakoak.