Ampo Ordizia 29-3 gailendu zaio Bartzelonari Altamiran
Gaurko garaipenarekin sailkapeneko laugarren postura hurbildu dira etxekoak. Nagusitasun osoz aritu dira bigarren zatian, lau entsegu eginez
Ampo Ordiziak 29-3 irabazi du Bartzelonaren aurkako norgehiagokan, Altamiran. Garaipen honekin sailkapeneko laugarren postua lortzeko aukera daukate ordiziarrek oraindik, final laurdenetako partida etxean jokatu ahal izateko. Horretarako, falta diren bi partidak irabazteaz gain, Senor Independiente talde kantabriarrak datozen bi partidetako bat galtzea behar dute, atzo galdu egin baitzuen Sanitas Alcobendasen zelaian.
Lehen zatia nahiko berdindua izan da, Bartzelonako taldea aurreratu da 0-3, baina 30.minutuan markagailua berdindu dute ordiziarrek. Lehen zatia amaitu baino lehen entsegua gertu izan du talde kataluniarrak, baina lortu ez dutenez berdinduta joan dira jokalariak aldageletara. Bigarren zatian berriz, Ampo Ordizia izan da protagonista. Bigarren zatia hasi orduko egin du bere lehen entsegua, eta beste hiru egin dituzte partida amaitu baino lehen. Joaneko partidan Bartzelonan emandako irudi kaxkarra hobetu dute gaurkoan, beraz.
Gaurko partidaren ondoren, Ampo Ordiziak bosgarren postuan jarraitzen du, eta hiru puntura dauka Senor Independiente, kantabriarrek 65 puntu baitituzte, eta ordiziarrek, aldiz, 62. Bartzelona, ordea, play-offa jokatzeko aukerarik gabe geratu da gaurko porrotaren ondoren.