Aretxabaletaren kontra bana berdindu dute ordiziarrek // Argazkia: Joxe Mari Erauskin
Asteburuko partida gazi-gozoa izan da Ordizia Kirol Elkartearen lehen taldearentzat. Gazia, etxean jokatuta, puntu bakarra lortu dutelako, Aretxabaletaren konta bana berdindu eta gero. Eta gozoa, oraindik ere lidertzari eusten diotelako. Gipuzkoako Ohorezko Mailan denboraldi bikaina egiten ari dira ordiziarrak, eta lider daude, 59 punturekin. Igoera begiz jota eta ondo bideratuta dute, baina ligaren azken txanpan ezin dute hutsik egin, lau puntura baitute Tolosa.
Ligako bi oilarrak, aurrez aurre
Liga bukatzeko sei jardunaldi besterik ez zaizkio falta Ordiziari, eta garrantzia handiko partidak izango dira denak ere. Datorren asteburukoarekin hasita; izan ere, sailkapen buruan dabiltzan bi taldeak ariko dira aurrez aurre: Tolosa eta Ordizia. Etxetik kanpo jokatuko dute urdinek, eta biek ala biek ere, asko izango dute jokoan. Ordiziak irabaziko balu, zazpi puntuko aldea aterako lioke Tolosari; galduz gero berriz, puntu bakarrera izango lituzkete tolosarrak.