Goierriko hainbat hautetsik bat egin dute Altsasuko martxarekin
Altsasuko auziperatuei elkartasuna adierazteko asmoz, Nafarroa zeharkatzen ari da AltsasuMartxan herri ekimena. Asteburuan, Sakana, Goierri eta Arabako Lautadako hainbat hautetsi Arbizun izan dira, auziperatuen gurasoei babesa adierazten. Tartean izan dira Ataun, Segura eta Zeraingo alkateak. Bertan izan ez baziren ere, Zegama, Idiazabal eta Olaberriko hautetsiek ere babesa agertu dute.
Altsasuko gazteen kontrako epaiketa apirilaren 16an izango da. Martxaren antolatzaileek eta babesa eman dioten erakundeek, hilaren 14an Iruñean egingo den manifestaziora joateko dei egin dute. CCOO, ELA, LAB, ESK, CGT, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek ere Altsasuko gazteen aurkako auzia arbuiatzen dutela azaldu dute, ohar baten bidez.