Kilometroak festari buruzko erakusketa ireki dute Zumarragako kultur etxean
Gaur arratsaldean Kilometroak festari buruzko erakusketa ireki dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Erakusketaren izenburua Kilometroak Bidea da eta bertaratzen direnek Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiak izen duen bilakaera historikoa ezagutu
Gaur arratsaldean Kilometroak festari buruzko erakusketa ireki dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Erakusketaren izenburua Kilometroak Bidea da eta bertaratzen direnek Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiak izen duen bilakaera historikoa ezagutu ahal izango dute.
Erakusketa hau Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak duela bi urte abian jarri zuen Kilometroak Bidea hausnarketa prozesuaren testuinguruan kokatzen da. Kultur etxean Kilometroak jaiaren edizio guztietako lelo, logotipo, helburu eta gertakizun azpimarragarrienak ikusi ahal dira. Paneletan argazkiak, esku-orriak, egunkari eta aldizkari zatiak… jarri dituzte.
Material hori guztia biltzeko, Ikastolen Elkarteak eta Kilometroak Kultur Elkarteak ahalegin berezia egin zuten, Kutxa Fundazioaren laguntzaz, duela bi urte. Ikastolen ondarearen berreskuratze lanak ez du etenik eta erakusketa urtez urte osatzea dute helburu.
Kilometroak festaren lehenengo edizioa Beasainen antolatu zen 1977. urtean eta geroztik, urtero, urriaren lehenengo igandearekin batera, inoiz kale egin gabe, 41 jai antolatu dira. Urriaren 7rako Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatuko duena 42. edizioa izango da.
Erakusketan, irudien bitartez, atzera begiratu eta festa eta gizartea nola aldatu diren ikusi ahal da. Ikastolen aldeko jaia nola eta zertarako antolatzen hasi zen, zein bilakaera izan duen eta etorkizunean zein aldaketa jaso beharko lituzkeen ere azaldu diete bisitariei.
Erakusketa igandea bitartean egongo da Zumarragan. Aretoa 17:30etik 20:30era irekitzen dute astelehenetik ostiralera eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era asteburutan.