Startinnova saria, Urretxu-Zumarragara
Urretxu-Zumarraga Ikastolako Batxilergoko ikasle talde batek Espainia mailan jokatzen den Startinnova saria irabazi berri du. Startinnova sariketa 16 urtetik gorako gazteei zuzendutako lehiaketa ...
Urretxu-Zumarraga Ikastolako Batxilergoko ikasle talde batek Espainia mailan jokatzen den Startinnova saria irabazi berri du. Startinnova sariketa 16 urtetik gorako gazteei zuzendutako lehiaketa bat da, eta hain zuzen, gazteen artean ekintzailetasuna bultzatzea du helburu nagusitzat. Sariketa bi mailatan jokatzen da: 16-17 urte arteko gazteen artean, eta 18 urtetik gorakoenean.
Mikel Sanz, Igone Pildain, Xabier Etxezarreta, Alex Diaz eta Naiara Sasietak osatu dute talde irabazlea. Urretxu-Zumarragako ikastolako Batxilergoko 1.mailan daude, eta 16 eta 17 urte arteko gazteak dira. Espainia guztiko ikasleen lanak lehiatu dira sariketan, 184 proiektu guztira. Urretxu-Zumarraga Ikastolatik zortzi lan aurkeztu dira denera.
Ura aurrezteko sistema
Etxean gastatzen den ura aurrezteko proiektu bat aurkeztu du ikastolako taldeak. «Ur eskasia albisteetan askotan agertzen den gaia da, eta egokia iruditu zitzaigun gure proiektua aurrera eramateko», diote taldekideek. Hasieran bost bat gairen artean hausnartu zuten, «guztion artean gaia adostu behar izan genuen», diote. Ez zuten zalantza handiegirik izan, «guztiok pentsatu baikenuen ura aurreztearena izan zitekeela gairik aproposena», nabarmendu dute.
Dutxan erabilitako ura komuneko zisternan berrerabili ahal izateko sistema bat asmatzeari ekin zioten orduan; «konturatu ginen dutxatzeko orduan ur asko gastatzen genuela, eta ur hori berrerabiltzea posible izan zitekeela», zehaztu dute.
Canvas izeneko sisteman oinarrituta garatu dute proiektua; «enpresa edo ideia bat martxan jarri ahal izateko metodologia bat da, eta eredu bezala erabili behar izan dugu lehiaketan parte hartu dugun talde guztiek». Lehendabiziko lana etxe arrunt batean gastatzen den batez besteko ur kantitatearen datuak Internet bidez bilatzea izan da. «Ura berrerabiltzeaz gainera, gure sistemak dirua aurrezteko ere balio zezakeela uste izan genuen hasieran, baina proiektuarekin aurrera egin ahala ohartu ginen ezetz», adierazi dute.
Canvas metodologiako atalik garrantzitsuena balorezko proposamena deiturikoa zen, «gure proiektua nolakoa izango litzatekeen azaldu behar genuen atal honetan», esan dute. Dutxako ur irteerak eta komuneko zisternak bat egiteko sistema bat asmatu dute gazteek. «Dutxako txorrota eta komuneko zisterna hodi baten bitartez batu ditugu, erdian depositu bat du, ponpa baten bitartez dutxatik zisternara ura garraiatzeko», azaldu dute.
Behin lana amaituta, izan dituzten sentsazioez galdetuta, gazteek azaldu dute «enpresa bat, proiektu bat zerotik martxan jartzeak dituen zailtasunez» ohartu direla batez ere. Izan ere, lehiaketaren helburua ez zen soilik proiektu bat aurkeztea, hori merkaturatzeko bideak ere aztertu behar izan dituzte, baita beharrezko baliabideak zeintzuk diren arakatu ere.
Saria ezustean hartu dute, ez baitzuten irabazterik espero. Benetako saria gero etorri zen, ordea. Izan ere, herriko enpresa eraikitzaile bat proiektuaz interesatu da, «norbaitek egingarria dela pentsatzea soilik beste sari bat da», gaineratu dute taldeko kideek.