La Salle eskubaloi taldeko seniorrak Gipuzkoako txapeldunak dira jada
Jardunaldi bat falta bada ere, Legazpiko eskubaloi taldeko senior mutilen taldea Gipuzkoako lehenengo mailako garailea da. Bikuñan jokatu du Bergararen kontra
Legazpiko La Salle eskubaloi taldeko mutilen senior taldea Gipuzkoako lurraldeko lehenengo mailako txapelketako txapelduna da. Jardunaldi bat falta den arren, legazpiarrek eskuratu dute honezkero titulua Soraluze-Bergara taldeari 29-26 irabazi eta gero. Aurreko larunbatean Bikuña kiroldegiko kantxa bete-bete eginda zegoela irabazi zuten La Salle taldeko seniorrek.
Legazpiko La Salle eskubaloi klubak 50. urteurrena ospatu zuen iaz eta Olaria saria ere jaso zuen, baina aurtengo denboraldian seniorrek eskaini diote saririk onena Gipuzkoan lehenengo geratuta. Irailean ManoloMugerza La Salle klubeko jokalari lehenengo, eta egun zuzendaritako kide zein entrenatzaile denak senior mutilen gidaritza hartu zuen. Aurretik jubenil mailako neskak entrenatu zituen.
Mugerzak talde lanean jarri ditu beteranoak eta gazteak. Giro ona sortu da taldean eta garaipena giro horren emaitza ere bada. Taldean Migel Angel Aparizioren laguntza izan du arlo fisikoa lantzeko. Talde lana ezinbestekoa izan da, adibidez, Eneko Telleria jokalariak min hartu, eta taldeak aurrera egiteko indarra izateko.
Aurreko larunbateko partida «bizia eta hunkigarria» izan zela diote La Salletik. Legazpiarrak hobeto hasi ziren eta Jon San Migelen jokaldi on batzuei esker zortzi goleko abantaila hartu zuten markagailuan.
Bergarakoek, baina, ez zuten amorerik eman eta gertutik jarraitu zituzten markagailuan. Atsedenaldian bi goleko bentaja zuten legazpiarrek baina dena zegoen oraindik ikuskizun.
Bigarren zatia ildo beretik joan zen eta jokaldi indibidualak talde lanaren gainetik joan ziren. Edonola ere, Bergarako taldeko jokalarien esfortzua ez zen nahikoa izan legazpiarren maisutasunari eta patxadari aurre egiteko. Jon San Migel, Koldo Arana eta Mikel Parraren lanak nabarmenak izan ziren; Parrak sartu zuen partidako azken gola.
Xabier Zelaia gogoan
Garaipenak aukera emango dio La Salleko Laubide jatetxea taldeari apirila erdian hasiko den nazional bigarren mailarako jokatuko den igoerako fasean aritzeko.
La Sallekoek larunbateko partidan orain gutxi zendu den Xabier Zelaia gogoratzeko tartea hartu zuten. Zelaiaren argazkia partida hasieratik bukaerara arte bistan izan zuten eta, adierazi dutenez, «argazkia ohikoa bihurtuko da Bikuñan jokatzen diren partida guztietan».
Titulua Zelaiari eskaini zioten. «Zelaiak La Salleren alde soilik ez, Gipuzkoako zein Euskal Herriko eskubaloiaren alde egindako lana eskertu nahi dugu, bihotzez eskertu ere Xabier bezalako pertsona bereziek urte luzeetan egindako lana».













