Lazkao Txiki oroituko dute, hil zela 25 urte direnean
Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria hil zenez geroztik, urtero gogoratzen dute Lazkaon. Baina aurten egitarau berezia prestatu du Gerriko kultur elkarteak, apirilaren 3an 25 urte bete zirelako heriotzetik. Bihar izango da lehen ekitaldia, eta m...
Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria hil zenez geroztik, urtero gogoratzen dute Lazkaon. Baina aurten egitarau berezia prestatu du Gerriko kultur elkarteak, apirilaren 3an 25 urte bete zirelako heriotzetik. Bihar izango da lehen ekitaldia, eta maiatzaren 19an azkena.
Lazkao Txiki pertsona, figura eta bertsokidea nolakoa zen xehetuko dute Iñaki Murua, Mikel Mendizabal eta Millan Telleria bertsolariek, Lazkao Txikiren emariak: bertsoak, kontuak eta komeriak hitzaldian. Berriketan solasaldian ariko dira, Gerriko txokoan, bihar 18:30ean.
Ostiralean, ohiko bertso afaria egingo dute, Lazkaomendiko Lartxai elkartean. Jon Maia eta Unai Iturriaga gonbidatu dituzte bertsotara. Afaria 20:30ean da. Helduek 22 euro, 12-18 urte bitartekoek 10, eta gazteagoek 5 ordainduko dute. Txorizo egosia, bakailaoa, txekor saiheskia eta gazta tarta daude. Izena emateko azken eguna gaur da, Gerriko liburu-dendan (943 88 65 00). Bertso saioa entzutea libre da.
Ekitaldia, igandean
Oroimen eta omen ekitaldia, Lazkao Txiki gogoan izenpean egiten dena, igandean 12:30ean da, Lazkao Txiki Zelaian. Urteroko dantzari eta musikariei, bertso giro handiagoa batuko zaie aurten. Lehengo eta oraingo bertsolari mordoxka bat izango da.
Datorren astean, haurrentzat jolasak antolatuko dituzte. Maizpide euskaltegiko ikasleekin batera garatuko da ekitaldia, Lazkaoko plazan, asteartean (16:30).
Haurrekin eta gaztetxoekin segiz, marrazki bizidunen saio bat ere izango da.
Azkenik, maiatzaren 19an, Amalur mendizale elkartearekin batera, plazatik Lazkaomendira mendi ibilaldia egingo dute. PR-Gi03 bide zaharra berreskuratuko dute, Abalin ondotik.













