Albisuk Ataunen hasiko du buruz buruko txapelketa Zabaletaren aurka, Iraitz Zubizarretaren debuteko jaialdian
Buruz buruko pilota txapelketa herrian bertan hasiko du Jon Ander Albisu pilotariak. Ataunen jaialdia antolatu dute ostiralerako (Auzoeta kiroldegian, 19:30ean). Historikoa izango da, estelarrean Albisuk jokatzeaz gain, Iratzi Zubizarretak profesionaletan debuta egingo duelako.
Banakako txapelketaren aurkezpena eta zozketa gaur eguerdian egin dute, Bilbon. Zozketan, Albisuri Zabaleta egokitu zaio aurkari, final hamaseirenetan. Binakako txapeldun atera berri da Zabaleta, Ezkurdiarekin. Asteburuan, beste hiru neurketa izango dira: Unai Laso eta Erik Jaka, Danel Elezkano eta Axier Arteaga, eta Julen Retegi eta Victor Esteban.
Irabazten dutenek, final zortzirenetan Iñaki Artola, Aimar Olaizola, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia edukiko dituzte zain (apirilak 20-23). Handik aurrera ateratzen direnek, final-laurdenetan Oinatz Bengoetxea, Beñat Rezusta, Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria. Irribarria aramarra iaz txapeldunorde geratu zen, Bengoetxearen aurka finala 22-18 galduta.
Iraitz Zubizarretaren debuta
Ataungo jaialdian, ostiralean, lehenengo partidak ere ikusmin handia izango du. Iraitz Zubizarreta aiarrak debuta egingo du. Ibai Zabala izango du atzeko koadroetan lagun, eta Gorka eta Etxegoin aurkari.
Pilota jaialdiko sarrerak salgai jarri dituzte, aurrez, Ataunen: Martintxo, Troskaeta, Sutegi eta Bitor tabernetan, edo udaletxean (09:00-14:00 bitartean, 943 18 03 84). Haurren sarrera (4-12 urte bitartekoak), aurrez erosita 8 euro ordaindu behar da, egunean bertan 10 euro. Larriarena, berriz (12 urtetik aurrerako guztiak), aurrez 15 euro eta egunean 20 euro. Ataungo Pilota Eskolako haurrak doan sartu ahalko dira.