Oria ibaia hazita, Beasaingo Igartza auzoan, arratsaldeko 15:00etan ateratako argazkian. // A. Apalategi
Euriagatik, haizegatik, nahiz elurragatik, makina bat abisu eta alerta izan dira negu honetan. Udaberria ere bide beretik hasi da, eta egunotan, euria gelditu gabe ari du. Eusko Jaurlaritzako Meteorologia eta Larrialdi Sailak alerta laranja eman du, euritea dela eta, errekak eta ibaiak bere bidetik ateratzeko arriskua baitago. Ordiziako Udalak jakinarazi duenez, Tximista zubi azpiko bidea itxi egin dut, alerta dela eta.
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, 24 orduko tartean 60 litro bota ditzake, baina Gipuzkoan 80 litrora ere iritsi liteke kopuru hori. Elurra ere ez da urruti izan. Kota 800-1000 metroan kokatu dute, baina Etzegaraten elurra egin du gaur goizean.
Urtegiak gainezka
Negu euritsuak, urtutako elurrak eta egunotako euriak, bete-beteta utzi dituzte inguruko urtegiak. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak emandako datuen arabera, Arriaran %101,38ko mailan dago, eta Barrendiolakoa %101,12an. Lareokoa baxuago dago, %76,52an, baina mantentze lanengatik.