Iaz, Errenta Aitorpenaren kanpainan Goierriko herrietan euskararen erabilera zenbatekoa izan zen argitu du Uemak: aitorpen guztien %22 euskaraz. Ataunen eta Zerainen soilik dira erdarazkoak baino gehiago.
Aurrerapenak aurrerapen, oraindik badira euskararen normalizazioaren esparruan itzalean geratzen diren tokiak. Erakundeekiko hartu-emanetarako, herritarrek aukeratzen duten hizkuntzaren kasua, adibidez. Errenta Aitorpenaren kanpainaren atarian, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) herri guztietako erabilera-datuak atera ditu.
Goierrin, 2016ko errenta kanpaina egiterako garaian —2017ko udaberrian—, hamar lagunetik bik besterik ez dute aitorpena euskaraz egin: %21,96k. Gehiengo oso zabal batek, %78,04ak, gaztelaniaz aurkezten jarraitzen du, nahiz eta herrietan hainbat ekimen gauzatu izan diren euskara erabil dadin.
Gipuzkoa osoko datua oraindik kezkagarriagoa da: %15,55ek aukeratu zuten euskara, iaz.
Herri ia deneetan, erdara
Goierrin, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera (2011), biztanleen %60 euskalduna da, eta %19 ia euskalduna. Baina errenta aitorpeneko kasuan, irauli egiten da hizkuntza-erabileraren joera, kontrakora.
Eskualdeko udalerri handi, ertain eta txikietan, gainera, denetan gaztelania gailentzen da. 22 herrietatik —Ezkio eta Itsaso bakar batean jaso dituzte—, 20tan aitorpen gehiago egin dira gaztelaniaz, euskaraz baino. Ataun eta Zerain dira euskara nagusitu den herri bakarrak: %54 eta %52, hurrenez hurren.
Euskalduntzea, eragin
Uemak, bere aldetik, 2017ko errenta aitorpen kanpainan euskaraz egiteko deia zabaldu du. «Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezela. Izan ere, errenta aitorpena euskaraz eginda, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da».