Maitane Ormazabal: «Nerabeek bizitzeko grina dute eta ez diegu grinaz bizitzen uzten»
Maitane Ormazabalek (Zumarraga, 1983) bere nerabezaroari buruzko liburu bat idatzi du egungo nerabeei laguntzeko. Bihar aurkeztuko du, 19:00etan, Zelai Arizti kultur etxean. Nolatan idatzi duzu liburu hau? Nire esperientzia idatzita
Maitane Ormazabalek (Zumarraga, 1983) bere nerabezaroari buruzko liburu bat idatzi du egungo nerabeei laguntzeko. Bihar aurkeztuko du, 19:00etan, Zelai Arizti kultur etxean.
Nolatan idatzi duzu liburu hau?
Nire esperientzia idatzita utzi nahi nuen. Niretzako idatzi nuen. Liburu motz bat atera zen. Lagunei erakutsi nien eta argitaratzea proposatu zidaten, egungo nerabeei laguntzeko. 50 orri pasatxo dituen gida bat da. Sexua, eskola, lana eta dirua, konfidantza, adimena eta arima, zabor-janaria, heriotza, drogak, gorputza eta burua… dira landu ditudan gaietako batzuk. Liburu hauek autolaguntzakoak direla esaten da, baina nik nahiago dut autoezagutzakoa dela esan.
Nola gogoratzen duzu zure nerabezaroa?
Ez nuen ohiko bidea egin. Ikasketak utzi nituen, ama izan nintzen eta ondoren ikasketak egin nituen. Irakasle-ikasketak egin ditut (Lehen Hezkuntza eta Heziketa Berezia) eta orain master bat egin behar dut. Ikastaroak ere egiten ditut: makrobiotika, osasun integrala… Orain aurkitu dut nire esentzia. Horrekin mila bide daudela esan nahi dut. Ez dago bide bakarra. Nire kasuan, nerabezaroan ezer ez zen nik pentsatzen nuen bezala. Kontraesanak nituen buruaren eta bihotzaren artean. Ikasketek mugatu egiten nindutela sentitzen nuen eta ikasteari utzi nion. Baina, aldi berean, nire burua gutxiesten nuen ikasteari utzi niolako.
Zein aholku emango zenieke nerabeei?
Ezer ez dago ondo edo gaizki. Gertatzen den guztitik ikasi behar da. Mila aukera daude eta hartu egin behar dira. Gure bizitzaren, bizimoduaren eta ekintzen jabe gara. Hala, pentsatu, esan eta egiten duguna bat etorri behar dira. Zerbait gaizki ateratzen bada, ez da ezer gertatzen. Berriro saiatu behar da. Buruak asko mugatzen gaitu eta bihotzari kasu egin behar zaio. Intuizioari. Gure pentsaerak mugatu egiten gaitu eta ireki beharra dugu.
Zein iritzi duzu hezkuntza sistemari buruz?
Kritikoa naiz, ez baitigute bizitzen irakasten. Ikastetxeetan ez dira sentimenduak lantzen. Hezkuntza gero eta irekiagoa da, baina oraindik nerabe onak eta txarrak bereizten dira. 18 urterekin haurdun gelditu nintzen eta askorentzat txarra zena, niretzat oparia izan zen eta begiak irekitzen lagundu zidan. Horregatik diot ez dagoela bide bakar bat.
Zer aldatu beharko litzateke, zure ustez?
Nire ustez, nerabeak ahaztuta daude. Nire garaian bezala jarraitzen dute. Baina ikaragarrizko arreta behar dute. Nerabezaroan inoiz baino indartsuago daude, bizitzaz eta energiaz gainezka. Sekulako bizitzeko grina dute eta ez diegu grinaz bizitzen uzten.
Zer esango zenieke nerabeen gurasoei?
Nik neuk nerabe bat dut etxean eta nik egin nuen bide berbera jarraitzen ari da. Gurasoak ondoan egotea behar du, babesa ematea, ez kontrolatzea. Nerabezaroa bigarren jaiotza bat da. Nerabeek, haurrek bezala, esperimentatu egin behar dute. Eta huts egin. Ezin zaizkie ametsak zapuztu. Bakoitzak bere izaera eta bere ezaugarriak ditu, eta ezin ditugu denak erdiko bidetik bidali. Horrela esentzia kentzen diegu. Ez ditugu epaitu behar. Bakoitzak ahal duena egiten du, ahal duen moduan. Gurasook gure seme-alaben indarguneak topatu eta horiek indartu behar ditugu. Ez dugu besteek zer pentsatuko duten kontuan izan behar.
Non eskura daiteke zure liburua?
Nik neuk argitaratu dut eta Amazonen eros daiteke. Jendeak liburua eskatu dit, eta beharbada, herrian ere salgai jarriko dut.
Beste libururen bat idazteko asmori ba al duzu?
Bigarren liburua hasi dut. Nire esperientzia azalduko dut, baina modu zabalago batean. Bigarren liburu hau helduei zuzendua egongo da.