Koikili Lertxundi: «Abiapuntua oso ona da, senior taldeak euskaraz aritzen direlako»
Beasaingo futbol eta saskibaloi taldeetan, eta Eskola Kirolean, euskararen erabilera eta presentzia areagotu nahi du udalak. Koikili Lertxundik bideratuko du proiektu berria.
Hitzarmena sinatuko dute udalak eta bi kirol taldeek. Bai, apirilaren bukaeran edo maiatzaren hasieran datorren denboraldiari begira lanean hasteko. Konpromisoak hartuko dituzte saskibaloi eta futbol taldeek eta udalak. Puntu desberdinak daude: plantillaren euskal- duntzea, komunikazioa, koordinazioa, euskarari prestigioa ematea, Euskaraldiarekin bat egitea… Udala eta klubak elkarri laguntzeko egongo dira. Irailean, 2018-2019 denboraldi hasieran jarriko duzue martxan egitasmoa? Bai, baina oraingo denboraldi bukaeran egingo ditugu hainbat ekintza. Batetik, Ahobizi-Belarriprest jolasa egingo dugu, denboraldi berria hasterako kluba sentsibilizatuta egon dadin; entrenamendutxo bat egingo du-gu. Bestetik, formazioa ere emango diegu entrenatzaileei ekain aldera, kalitatearen ikuspegitik. Entrenamenduen planifikazioa, denboraldiak nola planifikatzen diren umeen adinaren eta edukien arabera… Baina hori dena, euskaraz. Entrenatzaile batzuek ez daukate arazorik euskaraz bizitzeko, baina kirol esparruan gehiago kostatzen zaie, jaso duten irakaskuntza guztia gazteleraz izan delako. Denboraldi berriari begira, erronka nagusia izango da hitzarmena betetzen joatea. Zu zeu, Beasain futbol taldean jokatutakoa zara. Bai, Hirugarren Mailako taldean jokalari nintzela ikusi nuen kirolean euskararen erabileraren alde zerbait egiteko beharra. Hala ere, ikusi dut egoera hobetu dela. Gaur egungo entrenatzailea [Urtzi Arrondo] jokalaria zen, baina guk jasotzen genuen menua dena gazteleraz zen, nahiz eta entrenatzaileak euskaraz jakin, formazio guztia gazteleraz jasoa zuen eta. Euskaraz asko entzuten zen, baina guztiekiko komunikazioan gaztelera erabiltzen zen. Hori hobetu egin da, eta kontrakoa gertatzen da. Saskibaloian ere berdina gertatu da. Sentsibilitate handia eta jarrera ona dute bi entrenatzaileek. Normaltasunez egiten dute euskaraz eta euskarak presentzia handiagoa izaten saiatzen dira. Haurrentzat eta gazteentzat erreferentzia egokiak izan daitezke, beraz. Oso ona da klubaren barruan, seniorrak normaltasunez euskaraz aritzea. Gazteen maila da konplikatuena: gazte asko gora begira daude eta goiko mailetan euskarak ez badauka presentziarik eta balorerik… Gazteek, azke-nean, helduek egiten dutena kopiatzen dute. Kasu honetan ere, senior mailako bi taldeek kutsatze positibo hori izan dezakete.«Baldintza ona dago sentsibilizaziotik ohitura aldaketarako jauzia egitekoa» «Senior mailako bi taldeek kutsatze positibo hori izan dezakete gazteengan» Koikili Lertxundi (Futbolari ohia eta proiektuaren arduraduna)