Egun osoko auto ilarak N-1ean, Itsasondon izandako luizia dela eta
Gaur goizeko 08:00ak aldera luizia izan da Itsasondo parean, eta N-1 errepidera etorri da lokaztia. Errepidea itxi egin behar izan dute Irungo noranzkoan, eta berehala hasi dira auto pilaketak sortzen. 8 kilometrorainokoak ere izan dira ilarak hainbat unetan, Idiazabalerainokoak. Egun osoz egon dira pilaketak gune horretan, eta arratsaldeko 15:00etan, Ihurreraino iristen ziren iladak. Arratsaldeko 16:30ean zabaldu dute errepidea atzera.
N-1ean ez ezik, inguruko herri eta errepideetan ere izan du eragina ezbeharrak. Senperetik N-1erako sarbidea itxi egin dute goizean zehar. Arama parean berriz, autoak Gi-2131 errepidetik (Nazional zaharra) bideratzen ari dira, eta zirkulazioa oso motela da Itsasondon eta Legorretan barrena.
Arabatik eta Nafarroatik Irungo norabidean doazen ibilgailuei, A-15 errepidea hartzeko deia egin die Herrizaingo Sailak.