Gabiriako Leharrei mendi lasterketa bihar jokatuko da, Goierri Traileko proba
Hirugarren ekitaldian, 24 kilometroko ohiko ibilbidea izango dute. Aizaleku, Otañu eta azkeneko Learregi aldapa gogorrenak. Izena emanda 131 atleta daude, baina aukera badago oraindikGabiriako III. Leharrei mendi lasterketa bihar 09:30ean hasiko da. L...
Gabiriako III. Leharrei mendi lasterketa bihar 09:30ean hasiko da. Lau ordu eta erdiko muga izango dute korrikalariek 24 kilometro luzeko eta 1.300 metro desnibeleko ibilbidea bukatzeko. Goierriko Trail Koparako 4. proba baliagarria ere izango da, trail distantzia luzean bakarrik Gabiriako kasuan. Martin Diez segurarra eta Laida Elizegi zaldibiarra iritsiko dira lider.
Partaidetza osoa ez da bete aurten (200 atleta). Atzo arratsaldean 131 lagun zeuden izena emanda; beraz, azken unera arte ez dute itxiko inskripzioa (kirolprobak.com-en). Dortsalak gaur (18:00-20:00) eta bihar (08:00-09:00) banatuko dituzte.
Zazpi anoa-postu egongo dira ibilbidean. Helmugaratutakoan, dutxak frontoiko aldageletan eta kirol kantxan jarritako moduluetan edukiko dituzte. Kontsigna, berriz, Osinalde elkartean. Bazkariak ere emango dituzte han.
Mendi dokumentalak gaur
Leharreiko lehen hiru gizonezkoek eta hiru emakumezkoek jasoko dituzte sariak. Irabazleek makila jasoko dute —makilariak dira gabiriarrak—. Opariak eta sariak zozkatuko dituzte. Learregi azken aldapa azkarren igotzen duenak, berriz, Ternuaren Gorbea Edition sorta mugatuko txamarra bat izango du.
Mendi lasterketaren bezperan, gaur, giroa berotzeko ekitaldiak izango dira, Gabirian. Lehenengo boulder edo eskalada horizontal txapelketa jokatuko da, 17:30etik aurrera. 20:00etan, hiru mendi dokumental emango dituzte, kutur etxean: Fandango (Bilbao Mendi Film Festival Short lehiaketa irabazia), Orain (Tolosa Mendi Tour 2018ko irabazlea), eta Nun.













