Ane Etxezarretak eta Sara Iriartek irabazi dute Lazkaoko trikiti txapelketa
Larunbat arratsaldean, zazpi trikitilari bikote aritu ziren Lazkaoko II. Trikitilari Gazteen Txapelketan, plazako pilotalekuan. Lazkao Txiki Musika Eskolak antolatutako lehiaketan, hiruna pieza jo zituzten. Ane Etxezarreta olaberritarrak (trikitia) eta Sara Iriarte billabonarrak (panderoa) irabazi dute. Bigarren Irati Artzelus-Josu Garmendia (Lazkao-Gaintza) geratu dira, eta hirugarren Beñat Iturriotz-Maialen Ugalde (Beasain).
Epaile lanetan Kristina Peña trikitilaria eta Amaia Artza pandero jotzailea jardun ziren. Aurkezle, berriz, Leire Zumeta, musika eskolako trikiti irakaslea. Sailkapena oso berdindua eta maila ona izan zela jakinarazi zuten, bukaeran.
Zazpikotea osatzeko, honako bikote hauek izan ziren soinu jotzen: Eneko Urkola-Itxaso Estanga (Zaldibia), Maider Arregi-Sara Caminos (Altzo-Berastegi), Ekiñe Casado-Maite Lizundia (Arrasate) eta Ane Urretabizkaia-Ane Artzelus (Lazkao).