«Familia ereduan oinarritutako baserriak desagertu egingo dira, lantoki izateko»
Iban Maizek (Gabiria, 1993) antropologia ikasketak egin zituen Donostian eta Madrilen. Kordoban praktikak eta ikerketa lan bat egiteko aukera ere izan ...
Iban Maizek (Gabiria, 1993) antropologia ikasketak egin zituen Donostian eta Madrilen. Kordoban praktikak eta ikerketa lan bat egiteko aukera ere izan zuen. Egun, Ezkioko Igartubeiti baserri museoan egiten du lan, eta hilean behin, Radio Euskadiko Vivir para ver saioan kolaborazioak egiten ditu. Hilabete bakoitzean gure baratzeetan zer landatu behar den, eta historikoki baserrietan zein lan egin izan diren kontatzen du.
Nondik datorkizu gai honekiko zaletasuna?
Gabiriarra izanik oso gertutik bizi izan dut beti baserria. Bestalde, ikasketek ere landa inguruneko gaietan espezializatzera bideratu naute.
Zeintzuk dira zure informazio iturriak?
Lan klasikoak, Barandiaranenak, adibidez, baina baita gaur egungo antropologo ezberdinek idatzitakoak ere. Julian Alustiza Aztiri herritarrak idatzitako Euskal baserriaren inguruan liburua informazio iturri garrantzitsua da. Baita Jakoba Errekondok landareen inguruan idatzitakoak ere. Noski, inguruko baserritarrei galdezka ere aritzen naiz.
Eguraldiak mugatzen ditu baserriko nahiz baratzeko lanak?
Historikoki hala izan da, baita gaur egun ere. Udaberria eta uda landatzeko garai garrantzitsuena da, uda eta udazkena uzta jasotzekoa eta negua atseden hartzekoa. Garai bateko erritual eta sinismen asko —inauteriak, Gabonetako subilaren kondaira…— ere horretan oinarrituta daude.
Zure teoriaren arabera, nekazaritza ekologikoa garai bateko baserri ereduaren identitatea berreskuratzeko tresnatzak har daiteke?
Bai. Helburua, gaur, ez da lehengora itzultzea, baina bai garai bateko eredua, balioak eta jakintza oinarri hartu eta gaur egunera egokitzea.
Azken urteetan garai bateko eredu hori alde batera utzi dela ulertu behar da?
Historiak berak eragin nabarmena izan du horretan. Gipuzkoa 1920. urtera arte nekazaritzan oinarritutako gizartea zen. Industrializazioak baina, aldaketa handia ekarri zuen oso denbora gutxian. Goierrik lehen sektorearen identitatea aldarrikatzen du, baina izatez eskualde guztiz industriala da. Baserritik fabriketara lan egitera joan ziren asko, eta horrek noski aldaketa ekarri zuen ordura arteko gizarteren antolaketan.
Nolako aldaketa?
Orduko baliaok eta bizimodua aldatu ziren. Baserriari estigma moduko bat ere ezarri zion, industrializazioak suposatzen zuen modernitate horren parean, baserriari zaharraren irudi hura eman zion. Baina, bestalde, lagundu egin ziola ere esan daiteke. Baserritarra ez zen inoiz aberatsa izan, eta industrializazioak baserrietan inbertitzeko dirua ekarri zuen.
Etorkizuna nola irudikatzen duzu ikuspegi antropologikotik?
Familia ereduan oinarritutako baserriak desagertu egingo dira. Gehiago izango dira lantokiak. Lan espezifikoagoak egingo dira baserri bakoitzean, edo baratzea, edo abeltzaintza… baina ez denak batera. Baserrien memoria historikoa berreskuratzetik hasi behar da.